Lapatxek Azpeitiko Udalari emandako dirulaguntzaren aurkako kasazio errekurtsoa jartzea bozkatuko du bihar udalbatzak

Anartz Izagirre 2021ko eka. 22a, 17:53

Ezohiko udalbatzarra izango da biharkoa, eta 19:00etan hasiko da, pleno aretoan. Urola Erdiko Mankomunitateak, Lapatx Zabortegiak eta Azpeitiko Udalak 2015eko abenduan sinatutako hitzarmen baten aurka jo zuen Azkoitiko Udalak, eta epaiari helegitea aurkeztu zion Mankomunitateak. Joan zen maiatzean Mankomunitateak jarritako helegitea onartu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, eta bihar, Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa jarri edo ez erabakiko du udalbatzak.

Ezohiko osoko bilkura izango da bihar, asteazkena, 19:00etan, Azkoitiko Udaleko pleno aretoan. Bertan, puntu bakarra izango dute hizpide; hain zuzen ere, Urola Erdiko Mankomunitatearen eta Azpeitiko Udalaren arteko hitzarmen bat dela-eta Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa jarri edo ez bozkatuko du bihar udalbatzak.

Izan ere, joan zen uztailean Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiko epaile batek baliogabetzat jo zuen Urola Erdiko Mankomunitateak, Lapatx Zabortegiak eta Azpeitiko Udalak 2015eko abenduan sinatutako hitzarmen bat. Akordio hartan jaso zutenez, Azpeitiko Udalak 3.850.000 euroko dirulaguntza eskuratu behar zuen ingurumen programetara bideratzeko.

Urola Erdiko Mankomunitateak epaiari helegitea ezarri zion EAEko Auzitegi Nagusian, eta joan den maiatzean helegitea onartu zuen auzitegiak. Erabaki horren aurrean, Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio errekurtsoa jarri edo ez erabaki behar du Azkoitiko Udalak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide