Udalean euskara ez sexista erabiltzeko gida osatu du Berdintasun Sailak

Anartz Izagirre 2021ko eka. 22a, 15:31
Berdintasun gidaren aurkezpena pleno aretoan. (Azkoitiko Udala)

Berdintasun gidaren helburuak, besteak beste, emakumeen ikusgarritasunean eragitea eta generoen araberako rol banaketa tradizionalekin haustea dira. Bestalde, sentsibilizazio eta prestakuntza saioak antolatu ditu erakundeak udal langileentzat.

Azkoitiko Udalean euskara ez sexista erabiltzeko gida ondu berri du udaleko Berdintasun Sailak. Dokumentu horrek hainbat helburu ditu; esaterako, herritarrak lehen eta bigarren mailako moduan ez bereiztea, emakumeen ikusgarritasunean eragitea, generoaren araberako rol banaketa tradizionalekin haustea eta berdintasunaren kultura zabaltzea. Ildo horretatik, erakundeak adierazi du euskara generorik gabeko hizkuntza izan arren, erabilera sexista izan daitekeela.

Berdintasun gidaren osaketan Idazkaritzak eta Euskara nahiz Berdintasun sailek parte hartu dute, eta bederatzi atal ditu; adibidez, araudia, oinarrizko kontzeptuak, jarraibideak eta erabilera sexisten adibideak jasotzen dira bertan. Argitalpena Azkoitiko Udalaren II. Berdintasun Planaren barruan sartu dute; plan horren xedea baliabideak izatea da, eguneroko jardunean gizonei eta emakumeei tratamendu berbera eskaintzeko.

Bestalde, berdintasunaren inguruko sentsibilizazio eta prestakuntza kanpainak antolatu dituzte udal langileentzat; guztira, hiru saio egingo dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide