Drogen kontsumoaren arriskuez kontzientziatzeko kanpaina iragarri du udalak

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 22a, 14:36
Alkoholaren kontsumoaz ere emango dute informazioa kontzientziazio kanpainan.

Taberna Laket! izeneko jarduera egingo dute zapatu honetan eta uztailaren 24an, herriko tabernetako eta jatetxeetako terrazetan informazioa zabalduz. Azkoitia Bizia, Azkoitia Osasuntsua prebentzio planaren barruan egingo dute kanpaina, eta bereziki gazteengan jarri nahi dute indarra.

Taberna Laket! izeneko jarduera egingo dute hainbat hezitzailek herrian zapatu honetan eta uztailaren 24an, 20:00etatik 22:00etara. "Herritarrak eta, batez ere, gazteak" drogen kontsumoaren arriskuez kontzientziatzeko informazio kanpaina da, udalak Azkoitia Bizia, Azkoitia Osasuntsua prebentzio planaren barruan egingo duena.

"Hezitzaile talde bat ibiliko da taberna eta jatetxeetan terrazaz terraza eskuorriak banatzen eta informazioa partekatzen modu zuzenean, aisiaz gozatzea substantzien kontsumoarekin lotzeak dakartzan kalteen inguruan kontzientziatzeko", azaldu du udalak jardueraren edukia. Drogen eta substantzien kontsumoaz ari dela, alkohola ere horien artean sartzen dela azpimarratu nahi izan du udalak, "nahiz eta gure gizartean alkoholaren kontsumoa normalizatuta egon".

Taberna Laket! kanpainaren informazioa banatuko duten hezitzaileek beste bi helburu bete nahi dituztela ere aurreratu du udalak: "COVID-19ak eragindako eszenatokian kontuan hartu beharreko prebentzio neurriak" azalduko dizkiete herritarrei, batetik; eta "genero indarkeriaren kontrako sentsibilizazio eta kontzientziazio lana egiteko aprobetxatuko" dute, bestetik, informazio kanpaina.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide