Olerkiz eta kantuz jantzitako 'Manifestua' eskaini du Ekidak Baztartxon

Maialen Etxaniz 2021ko eka. 20a, 08:42

Manifestua ikuskizuna ikusteko aukera izan zen atzo Azkoitiko Baztartxo antzokian. 19:00ak pasatxo hasi zen Ekidako kideek eskainitako emanaldia, eta jende ugari bertaratu zen ikuskizunaz gozatzera. 

Ekida kultur ekimen sozialistak Manifestua ikuskizuna eskaini zuen atzo, larunbatez, Azkoitiko Baztartxo antzokian. Sarrera librea eta doakoa izan zen, eta jende ugari bertaratu zen antzokira, Ekidako kideek sortutako ikuskizunaz gozatzera. 
 
Ordubete inguruko ikuskizuna da Manifestua, eta diziplinarteko lana da; izan ere, literatura, musika, bertsolaritza eta eszenografia uztartzen ditu. "Ez dugu kantatzearren kantatzen", diote ikuskizuneko narratzaileek, "zerbait esan nahi genizueke". Eta horrela egin zuten atzo ere, Baztartxon elkartutakoei beren mezua helarazi zieten; izan ere, mezuz eta kritikaz jantzitako ikuskizuna da Manifestua, eta "egoera historikoaren aurreko posizio iraultzaileaz eta arte sozialistaren eginbeharrez" dihardute olerkiek, kantek eta testuak, oro har, obraren testu osoak. Baina hitzak ez dira emanaldiaren osagai bakarra; musikak janzten ditu hitzok. 
 
Emanaldia amaitzean Paul Beitiak hartu zuen hitza, eta bertaratutakoei nahiz Manifestuan beren alea jarri dutenei eskerrak emateaz gain, gogora ekarri zuen zer den Ekida. "Ekidaren funtzionamenduaren adibidetzat har daiteke ikuskizuna. Hiru musikarik, bi narratzailek eta hiru abeslarik parte hartzen dute, baina baita teknikari talde batek, antolakuntzako jendeak... Ekida ez da oholtza gainera igoko den artista taldea bakarrik. Arte ekoizpen sozialistak eskatzen dituen baliabideak sortu eta antolatzeko egitasmoa da. Proiektuak sustatzea, alderdi formala garatzea, esanahiaren egokitasun politikoa aztertzea, artisten elkarlana bultzatzea, entseguak eta emanaldiak antolatzea...". Bide horretan lanean jarraituko dutela adierazi zuen Beitiak. 

Otsailean sortu zen Ekida, kulturaren eta artearen esparruak ikuspuntu sozialistatik lantzea xede duen kultur ekimena. Joan zen martxoan estreinatu zuen sortutako lehen proiektua: Manifestua ikuskizuna. Maiatzean eta ekainean hainbat emanaldi eskaini dituzte Euskal Herrian zehar, eta Gipuzkoako geldialdia Azkoitian egin dute. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide