Goenatxo III.ak bihar jokatuko du Binakako II. Euskal Pentatloiaren finala

Andoni Elduaien 2021ko eka. 18a, 08:30
Goenatxo III.a eta LarraƱaga. (Argazkia: Binakako Euskal Pentatloia)

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrarekin ari da parte hartzen lehendabizikoz pentatloi proban. Bihar, 17:00etan Tolosako zezen plazan jokatuko dute finala.

Jon Unanue Goenatxo III.a harri-jasotzaile azkoitiarrak eta Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak osatutako bikoteak bihar, larunbata, 17:00etan jokatuko du Binakako II. Euskal Pentatloiaren finala, Tolosan (Gipuzkoa). Finalerdiko 11 bikoteetatik bosgarren denbora onena eginda lortu zuten Goenatxo III.ak eta Larrañagak finalera sailkatzea; 19 minutu eta 9 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko.

Finalean, finalerdian izan zituzten lanak bikoiztu egin beharko dituzte, ordea, parte hartzaileek. Lanari ekiteko, 100 kiloko bolari 40 altxaldi eman beharko dizkio bikote bakoitzak; gutxienez hamasei jasoaldi eman beharko dizkio harriari bikoteko kide batek. Bola altxatu ondoren, berriz, giza proban 400 kiloko harriari lau plaza bana eman beharko dizkiote; bikotekide bakoitzak bina plaza osatu beharko ditu.

Harriarekin dituzten lanak amaitutakoan, aizkorari helduko diote. Lau kanaerdiko enbor ebaki beharko dituzte eta enbor erdi bakoitzeko gutxien egiten duenak gutxienez hamabost kolpe eman beharko dizkio. Handik berriz ere plazaren erdira abiatuko dira herri kirolariak, eta 50 kiloko txingekin zortzi plaza osatu beharko dituzte; bikotekide bakoitzak launa plaza egin beharko ditu. Proba amaitzeko, korrika egin beharko dute parte hartzaileek. Lau kilometro osatu beharko dituzte zezen plazan, eta gutxien egiten dituenak gutxienez hamasei itzuli eman beharko dizkio plazari.

Eguneko lehen txandan emakumeen finala jokatuko dute Karmele Gisasolak eta Uxue Ansorregik, Lucia Orbe eta Garazi Arrutiren aurka. Goenatxo III.a eta Larrañaga eguneko bigarren txandan arituko dira, Kepa Peñagarikanok eta Gorka Etxeberriak nahiz Aritz Irazabalek eta Benat Amadek osatutako bikoteekin batera; Jagoba Otaegi eta Luis Txapartegi aizarnarren tokia hartuko du Irazabal-Amade bikoteak, Txapartegin min hartu du eta azken orduko baja dira Aizarnakoak. Hirugarren txandan, berriz, Ioritz eta Jon Gisasola, Jexux Mari eta Andoni Iruretagoiena eta Iñaki Errazkin eta Aratz Mugertza lehiatuko dira. ETB1ek zuzenean eskainiko du finala Tolosako zezen plazatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide