Kasu positiborik ez Azkoitian, hirugarren egunez jarraian

Maria Maya Manterola 2021ko eka. 17a, 12:53

Atzo, eremu gorritik irten zen Azkoitia, eta bihar bertan eremu horira egin dezake jauzia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak ere behera egiten jarraitzen du, eta 132,74an kokatu da. Labi batzordeak bihar egingo du bilera egungo neurriak arintzeko.

Azkoitia hobera ari da egiten egunez egun, eta horrela adierazten du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu duen txostenak. Hirugarren egunez jarraian, Osasun Sailak ez du Azkoitian positiborik hauteman, eta azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasak ere behera egin du nabarmen. Gaur-gaurkoz 317,12ko tasa du Azkoitiak, eta azken egunetako joerari eutsiz gero, bihar bertan eremu horian sar daiteke.

Urola Kostan, orotara, bost kasu positibo hauteman zituzten. Azpeitian zenbatu zuten kasu gehien; hiru, hain justu ere. Emaitza positiboak zenbatu dituzten beste herria Zumaia da; bi kasu zenbatu dituzte han. Intzidentzia tasek zertxobait gora egin dute herri horietan: 256,24koa da Azpeitian, eta 234,05ekoa Zumaian –243,10eko eta 223,87ko tasak zituzten atzo, hurrenez hurren–.  

Eskualdeko gainerako herrietan ez dute kasu positiborik hauteman. Orion, bestalde, 130,46 da kasu metatuen tasa, eta eremu laranjatik horira igaro da. Zarautzen dute 5.000 biztanletik gorako herrien artean egoera onena, 51,50ko tasarekin, eremu berdean dago. Aizarnazabalen –260,08– eta Getarian –141,34– eta Zestoan –26,68– atzoko tasa bera mantentzen dute. Egoerarik honena Aian eta Beizaman dute, hutsean mantentzen baitute intzidentzia tasa. 

Ospitaleetako egoerak, hobera

Hego Euskal Herrian 9.141 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 236 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian hauteman zuten kasurik gehien (115), eta ondoren, Nafarroan (469, Gipuzkoan (38) eta Araban (28). Positibotasun tasa % 2,5ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; % 3,2koa Nafarroan. 

Ospitaleetako egoerak hobera egiten jarraitzen du. Herenegun 138 gaixo zeuden Osakidetzaren mendeko erietxeetan izurritearen eraginez, eta 122 ziren atzo. Horietatik 53 daude ZIUetan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 132,74koa da, eta COVID-19ren aurkako neurriez hitz egiteko Labi batzordearen bilera deitu du biharko Iñigo Urkulluk. Neurriak arintzea aztertuko dute, eta bide hori hartuko balute, astelehenetik aurrera izango lirateke indarrean neurriok.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide