Iban Larrañagak erremonteko San Fermin Txapelketa jokatuko du

Andoni Elduaien 2021ko eka. 17a, 08:30
Larrañaga, goiko lerroan, ezkerretik lehena. (Argazkia. Oriamendi2010)

Bihar, ostirala, hasiko da txapelketa, eta bi txapel egongo dira jokoan; batetik, A multzokoa, eta bestetik, B multzokoa. Larrañaga azkoitiarrak A multzoan jokatuko du Imanol Ansarekin batera. 

Bihar, ostirala, hasi eta uztailaren 14ra bitartean jokatuko da erremonteko San Fermin Txapelketa, Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa). Iban Larrañaga erremontista azkoitiarrak txapelketan parte hartuko du, eta Imanol Ansa Urnietako (Gipuzkoa) aurrelariarekin osatuko du bikotea. Aurten, Oriamendi2010 erremonte enpresak txapelketa bi multzotan banatu du –A eta B multzoak–, eta hori horrela, bi final izango ditu txapelketak. Era berean, txapelketa Galarretan jokatzea erabaki du aurten, nahiz eta aurreko edizioetan Uharteko (Nafarroa) Euskal Jai pilotaekuan jokatu izan den txapelketa.

San Fermin Txapelketa nagusia A multzoan arituko diren sei erremontista "nabarmenenek" osatuko dute. Guztira, hiru bikote lehiatuko dira: Urriza-Aizpuru III.a, Juanenea-Barrenetxea IV.a eta Ansa-Larrañaga. B multzoan, berriz, Zaldua II.a-Labaka, Urrutia II.a-Martiarena, Loitegi-Zubiri eta Goikoetxea V.a-Murgiondo arituko dira.

Multzo bakoitzeko bikote guztiek denen aurka jokatu beharko dute. Multzoko lehena zuzenean sailkatuko da finalera, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek beren artean jokatuko dute finalerako sailkapena. Uztailaren 7an, San Fermin egunez, jokatuko dituzte bi multzoetako finalerdiak, eta uztailaren 14an jokatuko dute finala. 

Partida guztiak 30 tantora izango dira, eta Sagardoaren Txapelketan bezala banatuko dituzte puntuak. Partidako bikote irabazleak lau puntu batuko ditu; 29 eta 27 tantoan gelditzen den bikoteak bi puntu; puntu bat 26 eta 24 tantoan gelditzen den bikoteak; punturik ez du batuko 23 eta 17 tantoan gelditzen denak eta puntu bat galduko du 16 tanto edo gutxiago egiten dituen bikote galtzaileak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide