Reyes Azkoitiak entrenatzaile lanak egingo ditu bigarrenez Laboral Kutxa Udako Torneoan

Andoni Elduaien 2021ko eka. 16a, 15:17
Reyes Azkoitia.

Miren Larrarte, Miriam Arraiza eta Andrea Capellan pilotariak gidatuko ditu azkoitiarrak txapelketan. Iaz, txapelketa irabaztea lortu zuen Azkoitiak, eta aurten ere balentria errepikatzea izango du jomugan. 

Reyes Azkoitia pilotari ohi azkoitiarrak entrenatzaile lanak egingo ditu bigarren aldiz Plazandreak Laboral Kutxaren emakumezkoen udako pilota txapelketan. Iaz txapelketa irabaztea lortu zuen Azkoitiak Irantzu Etxebestek, Nora Mendizabalek eta Olatz Arrizabalagak osatutako hirukotearekin. Aurten, Miren Larrarte, Miriam Arraiza eta Andrea Capellan zuzenduko ditu Azkoitiak. Lehiaketak iazko bideari jarraituko dio, taldeen arteko lehiaketa izango baita bigarren urte honetan ere. 

Txapelketan hiru taldek parte hartuko dute, eta talde bakoitzak entrenatzaile bat izango du. Erlantz Garcia, Mikel Inuntziaga eta Reyes Azkoitia izango dira hiru taldeen entrenatzaileak. Hiru lagun horien estrategiak erabakigarriak izango dira; izan ere, lehen partida jokatzen duen pilotariak ezingo du buruz burukoan jokatu. Binakako partidan jokatu ahal izango du soilik. 

Lehia datorren astelehenean hasiko da eta abuztuaren 2an amaitu. Guztira sei jardunaldi eta finala jokatuko dituzte, guztiak Zornotzan (Bizkaia). Jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatuko dituzte, lehena lau eta erdian, bigarrena binaka eta hirugarrena banaka kaiolaren barruan. ETB1ek zuzenean eskainiko ditu partida guztiak, astelehen gauean.

Reyes Azkoitia, ezkerretik lehena, txapelketaren aurkezpenean. (Argazkia: Emakume Master Cup)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide