Eremu gorriko herria izateari utzi dio Azkoitiak

Anartz Izagirre 2021ko eka. 16a, 13:00
Azkoitiko herria, airetik. (Argazkia: Alex Berasategi)

Bigarren egunez jarraian, Osasun Sailak ez du kasu positiborik zenbatu Azkoitian, eta intzidentzia tasak 80 puntu baino gehiago egin du behera. Era berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 137,79an kokatu da.

Azkoitia dagoeneko ez da eremu gorriko herria. Apirilaren 7an sartu zen Azkoitia eremu gorriko herrien zerrendan, eta 69 egunen ondoren, gaur, ekainak 16, eremu gorria utzi eta eremu laranjan sartu da. Azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak nabarmen egin du behera, tasa 400eko langatik behera utziz. 83 puntu jaitsi da tasaren zenbatekoa, 425,60koa baitzen atzo eta 342,15ekoa baita gaur. Beherakada herrian atzo zenbatu ez zituzten kasu positiboek eragin dute; izan ere, bigarren egunez jarraian Azkoitian ez zuten positiborik hauteman. Halere, Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako herrien artean intzidentzia tasa altuena duen herria da oraindik Azkoitia.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, herenegun baino sei positibo gehiago hauteman zituzten atzo; hamar, hain zuzen ere. Kasurik gehien Azpeitian atzeman dituzte, lau hain justu; halere, intzidentzia tasa 243,10era jaitsi da. Eskualdeko gainontzeko positiboak Orion, Zumaian eta Zarautzen hauteman dituzte; hiru, bi eta bat, hurrenez hurren. Hiru herri horietako intzidentzia tasek behera egin dute, gainera; Orion 212ra jaitsi da, Zumaian 223,87ra eta Zarautzen 77,10era.

Urola Kostako beste herrietan ez da positibotik izan, eta honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: Aian 50,38koa, Aizarnazabalen 260,08koa, Beizaman hutsa, Errezilen 161,03koa, Getarian 141,34koa eta Zestoan 25,68koa.

Ospitaleetako presioa, behera

Hego Euskal Herrian, guztira, 9.133 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta horietatik 210 izan ziren positiboak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehien (89), eta ondoren, Nafarroan (64), Gipuzkoan (35) eta Araban (20). Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo beste bi pertsonak ere positibo eman zuten proban. Positibotasun tasa, berriz, %3,4koa da Nafarroan, eta %2koa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Ospitaleetako egoerak ere hobera egiten jarraitzen du. Gaur-gaurkoz, 138 gaixo daude COVID-19agatik ospitaleratuta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 54 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 35 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik bederatzi daude ZIUetan. Era berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 137,79an kokatu da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide