Ekidaren 'Manifestua' ikuskizuna izango da larunbatean Baztartxon

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 16a, 09:00
'Manifestua' ikuskizunaren estreinaldiko irudia. (Ekida)

Emanaldia 19:00etan hasiko da. Sarrera librea eta doakoa izango da, baina erreserba aurrez egitea ezinbestekoa da harremanak@ekida.eus helbidera idatzita.

Otsailean sortu zen Ekida, kulturaren eta artearen esparruak ikuspuntu sozialistatik lantzea xede duen kultur ekimena. Euskal Herri osoan zehar hainbat aurkezpen egin ondoren, Ekidak joan zen martxoan estreinatu zuen sortutako lehen proiektua: Manifestua ikuskizuna. Gasteizen aurkeztu zuten musikaz, literaturaz, olerkiz, bertsoz eta kritikaz jantzitako ikuskizuna, eta larunbatean Azkoitian taularatuko dute. Baztartxo antzokian izango da emanaldia, 19:00etan hasita. 

Ordubete inguruko ikuskizuna da Manifestua, eta sarrera "doakoa eta librea" izango dela adierazi dute antolatzaileek, baina aurrez lekua erreserbatzea ezinbestekoa dela, oraindik ere bada aukera. Ikuskizunerako sarrerak eskuratu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute harremanak@ekida.eus helbidera, emanaldira joango direnen izen-abizenak zehaztuz.

Ekidak kultur proiektuak jarriko ditu martxan, eta Manifestua da aurrenekoa. Sortzaileen hitzetan, "Ekidaren funtzionamenduaren adibidetzat" har daiteke ikuskizuna: "Hiru musikarik, bi narratzailek eta hiru abeslarik parte hartzen dute, baina baita teknikari talde batek, antolakuntzako jendeak eta militanteen sareak ere. Ekida ez da oholtza gainera igoko den artista taldea bakarrik: arte ekoizpen sozialistak eskatzen dituen baliabideak sortu eta antolatzeko egitasmoa da. Proiektuak sustatzea, alderdi formala garatzea, esanahiaren egokitasun politikoa aztertzea, artisten elkarlana bultzatzea, entseguak eta emanaldiak antolatzea...". 

Hona hemen ikuskizunaren teaserra:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide