Biodibertsitatea lantzeko Aranzadik abian jarri duen ekimen batean parte hartzen ari da Bizilore Eskola Aktiboa

Andoni Elduaien 2021ko eka. 15a, 15:50
Bizilore eskolaren urmaela. (Argazkia: Eskoletako Urmaelen Sarea)

Biodibertsitatearen gaia eskolen ingurunera eraman nahi izan du Aranzadi zientzia elkarteak, ikasleek haien eguneroko bizitzan tokikotu dezaten eta irakasleek tresna didaktiko moduan erabili dezaten. Bizilore Eskola Aktiboak, esaterako, martxan du bere urmaela.

Aranzadi Zientzia Elkarteak, Kutxa Fundazioarekin batera, Eskolak naturan, natura eskolan ekimena jarri du martxan azken hilabeteetan. Gipuzkoako eskoletan eta zentroetan bioaniztasunaren kontserbazioan aurrerapausoak eman nahi ditu elkarteak. "Bioaniztasunaren kontserbazioa bermatzeko, ezinbesteko ekimenak dira habitatak babestea edota berreskuratzea. Kontzeptu horiek gizartean barneratu daitezen, ezinbestekoa da gizarteak ekintza horietan parte hartzea, eta bereziki, hezkuntza arloak paper garrantzitsua du egitasmoak inpaktu eta iraunkortasun handiagoa izan dezan", azaldu du Aranzadik. Gainera, ikasleen eta naturaren arteko erlazioan "haustura areagotu" egin dela nabarmendu elkarteak.

Txoribox eta Eskoletako Urmaelen Sarea Aranzadin finkatuta dauden bi proiektu dira, eta horiek bat egin dute Eskolak naturan, natura eskolan egitasmo sozialean. Eskoletan hegaztientzako jantokiak eta habia-kutxak eraikitzen eta kokatzen ari dira, baita eskolaren inguruetan urmaelak eraikitzen edota egokitzen ere. Bizilore eskolan eraiki dute dagoeneko bat. Horrez gain, Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen gidaritzapean, halaber, ikasleekin, irakasleekin eta herritarrekin gaia gizarteratzeko jarduerak ari dira egiten.

Gipuzkoako hamahiru udalerritako 23 eskolak parte hartu dute proiektuan. Guztira 23 habia-kutxa, hamazazpi jantoki eta 11 urmael sortu dituzte. Era berean, Aranzadi urmaelen, habi-kutxen eta jantokien erabilera didaktikoa egiteko jardueren proposamen txostena ari da garatzen erabilera didaktikoa emango dioten eskolentzat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide