Plaza Ondo jubilatuen elkarteak bidaia egingo du irailean Galiziara

Andoni Elduaien 2021ko eka. 15a, 14:05
Rias Baixas (Galizia). (Argazkia: )

Irailaren 12tik 18ra bitartean Galiziako Rias Baixasera egingo du bidaia jubilatuen elkarteak. 2020an egitekoak ziren bidaia, baina konfinamendua tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten. Bidaia egiteko izena bihartik aurrera eman ahal izango da elkartearen bulegoan.

Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteak bidaia egingo du irailean Galiziara; Rias Baixasera joateko aukera izango dute Azkoitiko jubilatuek. Hain zuzen ere, jubilatuen elkarteak 2020. urterako prestatu eta osasun egoeragatik bertan behera utzi behar izan zuten bidaia berrantolatzea erabaki du aurten. Rias Baixas izena hartzen dute Portugalgo mugatik Fisterraraino (Galizia) dauden itsasadarrek. 

Jubilatuen elkarteko batzordeak jakinarazi duenez, oraindik ez dituzte zehaztu bidaiaren prezioa eta hotela zein izango diren, baina bai bidaian zehar egingo duten ibilbidea eta horien datak zein izango diren. Bidaian izena emateko epea bihar, asteazkena, irekiko du Plaza Ondok. Kultur Etxean duen bulegora joan beharko da bidaiarako izena ematera.

Irailaren 12an abiatuko dira Azkoititik Rias Baixasera. Bigarren egunean, berriz, Vigo ikusteko aukera izango dute azkoitiarrek; hirugarren egunean, O Grove, Isla de la Toja eta Bayona ikusi ahal izango dituzte, eta laugarrenean A Coruña. Bosgarren egunean iritsiko dira Santiago de Compostelara eta Combarrora. Azken-aurreko egunean, aldiz, Viana de Castelo eta Valença do Minho ezagutuko dituzte. Azken egunean, ostera, Rias Baixastik Azkoitira egingo dute bidaia.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide