Kasu positiborik ez dute atzeman azken orduetan Azkoitian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko eka. 15a, 13:05

Intzidentzia tasa 425,60ra jaitsi da Azkoitian, eta bi hilabeteren ondoren eremu gorritik irtetear da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 146,52ra jaitsi da; Jaurlaritzak neurriak arintzeko ezarri zuen 150eko tasa baino baxuagoa da, beraz. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian argitaratu ditu atzo egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta horien arabera, ez dute kasu positibo bakar bat ere atzeman Azkoitian. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, berriz, 484,02tik 425,60ra jaitsi da herrian, baina eremu gorrian jarraitzen du oraindik.

Beherakada handia egin du tasaren zenbatekoak Azkoitian, eta atzo bezala gaur ere positiborik ez badute baieztatzen herrian, baliteke Azkoitiak bihar bertan eremu gorria utzi eta eremu laranjan sartzea. Azken 69 egunak eremu gorrian sartuta egin ditu Azkoitiak.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, lau kasu positibo baino ez dituzte zenbatu: hiru Azpeitian eta bat Zumaian. Azpeitian atzeman dituzte, beraz, atzo detektatutako kasu positibo gehienak. Kasu metatuen tasa 256,24an zegoen atzo, baina azkeneko datuak kontuan hartuta, 262,81era igo da. Hala, intzidentzia tasak gora egin duen eskualdeko udalerri bakarra da Azpeitia, eta eremu horian jarraitzen du.

Urola Kostako gainerako herrietan, ordea, berdin mantendu da edo zertxobait behera egin du intzidentzia tasak. Zumaian eta Zarautzen, hurrenez hurren, 274,75etik 244,23ra eta 132,78tik 98,51ra jaitsi da da tasa, baina bi herriek jarraitzen dute eremu horian. Aian (50,38), Aizarnazabalen (260,08), Beizaman (0), Errezilen (161,03), Getarian (141,34), Orion (244,62, eremu horia da oraindik) eta Zestoan (25,68) atzokoan bezala mantendu da kasu metatuen tasa.

200 kasuren azpitik

Atzo egindako proben bidez, 178 kasu positibo baieztatu dituzte Hego Euskal Herri osoan; hain zuzen, 83 Bizkaian, 35 Gipuzkoan, 36 Nafarroan, hogei Araban eta lau beste lurralde batzuetan. Bezperan baino kasu gehiago baldin badira ere (148 izan ziren igandean), positibotasun tasak behera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, nahiz Nafarroan: %3tik %2,2ra jaitsi da Nafarroan, eta %2,6tik %1,8ra Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Dena den, Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan ospitaleratze gehiago izan ziren atzo; COVID-19ak jota, hamasei pertsona ospitaleratu zituzten igandean, eta 30 atzo. Koronabirusa dela eta, guztira 96 pertsona daude Osakidetzan ospitaleratuta, eta 59 dira ZIUn daudenak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa 146,52ra jaitsi da; Jaurlaritzak neurriak arintzeko ezarri zuen 150eko tasa baino baxuagoa da, beraz. Hain zuzen ere, Labiren azken bileraren ondoren jakinarazi zuen Jaurlaritzak intzidentzia metatuaren tasa 150era jaitsi arte edo 50 urtetik gorakoen txertaketa %90era iritsi arte, "eta ospitaleetan inpaktua beheranzkoa bada" neurriak ez zituela arinduko.

Honako neurri hauek arintzea aurreikusi zuen Jaurlaritzak intzidentzia tasa 150 baino baxuagoa bazen: jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegia 01:00etara luzatzea; merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultur ekitaldietan eta kultu aretoetan edukiera handitzea; ekitaldietarako gehienezko edukiera handitzea, 600 lagunera arte barnealdean eta 800 lagunera arte toki irekietan; ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea; txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegia, edukiera eta distantzia mugekin; areto itxietan kirol jarduera ahalbidetzea, gehienez hamarreko taldeetan; kirol ekitaldietan publikoa baimentzea %60ko edukierarekin, gehienez 800 pertsona areto itxietan edo 1.200 pertsona kanpoan; bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko taldeak handitzeko aukera ematea; eta edukiera %60ra handitzea igerilekuetan, lorategietan, hoteletako terrazetan eta kanpinen kanpoaldean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide