Babestutako edukia

Elkar Ekin Lanean, bazterkeriatik lanera

Maxixatzen.eus 2021ko eka. 15a, 10:05
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Elkar Ekin Lanean 2021-2023 estrategia aurkezten.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Elkar Ekin Lanean 2021-2023 estrategia aurkeztu du; datozen hiru urteetan, bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonentzako 3.500 lanpostu berriren sorrera bultzatzea du xede.

Bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonak gizarteratu eta lan munduan txertatzea helburu duen Elkar Ekin Lanean 2021-2023 estrategia aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Enplegu Inklusiboa eta Kalitatezkoa sustatu nahi da egitasmo honekin. "Nazioartean eredu gara lan babestuan eta ekonomia sozialean, hirugarren sektore sozialeko enpresei eta kooperatibei esker, hurrenez hurren. Horixe bera lortu behar dugu enplegu inklusiboan. Lan merkatuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun gehien duten pertsonei kalitatezko enplegua, enplegu duina, inklusiboa eskaintzeko sistema garatu behar dugu", adierazi du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak.

Tresna nagusia, lana

Horretarako, 16 lan lerro eta 30 neurri zehatzetan banatutako estrategia landu du Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz programaren babespean eta Eusko Jaurlaritzaren 2030 Enpleguaren Euskal Estrategiarekin bat eginez. "COVID-19ak eragindako krisialdi sozialari aurre egiteko palanka izango da, batetik, eta epe ertainera begira, berriz, gizarte desberdintasunei mugak jartzeko tresna partekatua", aurreratu du diputatu nagusiak. Lana izango da tresna nagusia "bizitza duina" bermatzeko, "bazterkeria arriskuan dauden pertsonak gizarteratzeko" eta "bizitza proiektu bat berdintasunez garatu ahal izateko", dio diputatu nagusiak.

Estrategia zabal eta partekatu honen bitartez, erakunde, garapen agentzia, enpresa eta eragileekin elkarlanean, datozen hiru urteetan, bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonentzako 3.500 lanpostu berriren sorrera bultzatzea du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Bazterkeria arriskuan edo egoeran daudenentzako 3.500 lanpostu sortu nahi dituzte

Pandemia aurreko datuen arabera, lurraldean ia 37.000 lagun daude pobrezia larrian eta, gainera, egoera horretan kroniko bihurtzeko arriskua dago. Bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonez gain, prestakuntza baxua dutenak, langabezian kroniko bihurtu diren pertsonak, 45 urte baino gehiagorekin langabezian daudenak nahiz biolentzia matxistaren biktimak kontuan izango ditu, bereziki, Elkar Ekin Lanean estrategiak.

Dirulaguntza deialdi berria

Estrategiaren hedapenerako, datozen hiru urte hauetan 36,6 milioi euro bideratzea aurreikusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horietatik, ia 3 milioi euroko dirulaguntza deialdia onartu berri dela aurreratu du diputatu nagusiak. Deialdi garrantzitsu honek igoera nabarmena izango du (%250ekoa); izan ere, 2020ko deialdian 1,2 milioiko zuzkidura izan baitzuen.

Elkar Ekin Lanean 2021-2023 estrategiak hiru alorretan eragingo du, horiei lotutako sei helburu nagusi lortze aldera. Lehenik, lanean diharduten erakundeen eta eragileen sistema trinkotzeko ahalegina egingo du, lankidetzazko gobernantza eredu bat garatuz. Dagoeneko abian da estrategiaren zabalkundea gidatuko duen mahai instituzionala eta hurrengo pausoa izango da gizarte eta ekonomia alorreko eragileak batuko dituen mahaia osatzea.

Bigarrenik, enplegu inklusiboa eta kalitatezkoa zabaltzeko aukerak indartzea izango du helburu Elkar Ekin Lanean Estrategiak. Horretarako, lanpostu berriak eratzeko esfortzuaz gain, inklusioaren ikuspegia landuko duten enpresa berrien sorrera sustatuko da, dagoeneko abian daudenen jarduera sendotzeaz gain. Hirugarrenik, bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonek aukera berdintasunez lan munduan txertatzeko aukera izan dezaten eragingo du estrategia honek, Eusko Jaurlaritzarekin eta Lanbiderekin elkarlanean.

Hiru urtean 36,6 milioi euro bideratzea aurreikusi du Gipuzkoako Diputazioak

Hori egiteko, 16 lan lerro eta 30 neurri konkretu ezarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Besteak beste, dirulaguntzak, gizarteratze enpresa berrien sorrera, informazio sistema adimenduna, txertatze soziolaboraleko gune berezia eta halako egitasmoak sustatuko dira.

Neurri horien guztien inpaktu gisa, hiru urtean 4.000 lagunengana iristea aurreikusten da, 2.500 lagunen formakuntza bideratu eta 3.500 lanpostu berriren sorrera bultzatu. Gainera, 2023rako lurraldean hamabost gizarteratze enpresa edukitzea ezarri dute xede.

Elkar Ekinen onuradunak

Carolina, Kalexka

"Edozer gauza egiteko ezgaitua nengoen. Agorafobia sentitzen nuen. Lan barik nengoen. Kalexkan, sentsazio ugari sentitu nuen proiektuarekin lehen harremana izan nuenean. Inoiz halakorik egin barik nengoen: ez entxufe bat aldatu, ez egurra landu… Azken egunean, gertatutakoaz hausnartzen, ohartu nintzen ahaztu nuela noiz desagertu zen agorafobia. Gainera, ume batek bezala disfrutatu nuen; pozarren".

Josep, Sutargi

"22 urte ditut. Jatorriz, marokoarra. Donostian daroatzat hiru urte. Egun, Ategorrietan bizi naiz, harrera etxe baten. Oso egun zailak pasa ditut, kale gorrian. Orain, goizez, tailerrera joaten naiz; arratsaldean, EPAra, ikastera. Roberto da nire monitorea. Hark erakusten digu arotzeria, egurra nola landu… Ofizio bat ikasita irtetea gustatuko litzaidake, lana aurkitu, familiari lagundu...".

Juan Antonio, Emaus

"Extremaduran jaio nintzen. Baina Arrasaten hezi naiz. Kale gorrian nintzen eta aukera izan nuenean, Emausen eman nuen izena. Ikastaroa egin nuen, ondoren, lan egiteko aukerarekin, eta hemen nago, lanean. Oso pozik nago. Bizitzeko gogoa eman dit honek. Nire lanean gustatzen zaidana da gauzak konpontzea, margotzea, bonbilla bat jartzea...".

Vanesa, EDE Emaktiva

"Une oso gogorrak pasa ditut. Inoiz ez dut lortu kontratu batekin lan egitea. Nahiz eta umeak zaintzen aritu naizen, garbiketan praktikak egin ditut… Orain nago Emaktivan. Espero dut positibotasuna lortzea, aukera gehiago izatea bizitzan aurrera egiteko, alabarentzako erreferente izatea, amak lan ondo egiten duela ikus dezala. Eta jendeak nigan sinistu dezala".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide