Haurrak ere bai ekimenarekin bat eginez, ekintza bat egin du guraso talde batek Xabier Munibe Ikastolaren atarian

Nerea Uranga 2021ko eka. 14a, 15:44

Xabier Munibe Ikastolako guraso talde batek 'SOS haurrak' leloarekin koloretako puxikak jarri ditu ikastolaren atarian. Gurasoek adierazi dute, COVID-19a kutsatzea saihesteko eskoletan jarri diren "neurriak zorrotzegiak" direla. Datorren ikasturterako, Haurrak ere bai ekimenak egindako proposamenarekin bat egiten dutela ere esan dute.

Pandemia tarteko, bukatzear den ikasturtean eskoletan hartutako "neurriak zorrotzegiak" izan direla salatzeko eta datorren ikasturterako Haurrek ere bai ekimenak egindako proposamena kontuan hartzeko eskatuz ekintza bat egin du Xabier Munibe Ikastolako guraso talde batek gaur goizean. Ikastolaren bueltan, koloretako puxikak jarri dituzte SOS haurrak leloarekin.

Xabier Munibe Ikastolan gaur ekintza hori gauzatu duen guraso taldearen ustez, gaur egun eskoletan ezarrita dauden neurriek "ikasleei mesede baino kalte gehiago" egiten diete. Datorren ikasturterako, 2021-2022rako, Haurrak ere bai ekimenak egindako proposamenarekin "guztiz bat" egin dutela adierazi dute. Besteak beste, 12 urtetik beherako ikasleek eskolan musukorik ez erabiltzea eta kontingentzia plana kentzea eskatzen dituzte.

Hona hemen Haurrak ere bai ekimenak egindako proposamenaren dokumentua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide