Lurdes Imaz: "Eskolak gizartean duen garrantzia agerian geratu da"

Nerea Uranga 2021ko eka. 13a, 09:05

Pandemiak eragindako eskoletako bigarren ikasturtea bukatzeko aste bakan batzuk falta direla, Lurdes Imaz (Azkoitia, 1973) EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak azken ikasturtearen balorazioa egin du. Imazen arabera, hezkuntza komunitatea osatzen duten kide edota eragileen "elkarlanari esker" aurrera atera dute azken ikasturtea, eta "eskolak gizartean duen garrantzia" agerian gelditu da.

COVID-19ak eragindako pandemiak baldintzatutako bigarren ikasturtea izan da bukatzear dagoena. Hainbat neurri eta protokolo jarri behar izan dira martxan eskoletan. 2020-2021 ikasturtea bukatzear den honetan, zein da EHIGEk egiten duen balorazioa?

2020-2021 ikasturtea ziurgabetasun egoera batean hasi genuen, baina aurrera atera dugu hezkuntza-komunitatea osatzen dugun kideon arteko elkarlanari esker. Uste dut aitorpen berezia merezi dutela irakasle eta hezitzaileek, oso egoera konplexuan ikasturtea aurrera ateratzea lortu dutelako. Gainera, uste dut eskolak gizartean duen garrantzia agerian geratu dela.

Zertan nabaritu duzue hutsune edo gabezia handiena?

Osasun sailaren protokoloak aplikatu behar izan direnez, erronka handia izan dute ikastetxeetan eskolako ohiko jarduerak egiteko, eskola irakasgai zehatz batzuk ikasten den lekua baino askoz gehiago delako. Ikastetxeetan ikasleak sozializatu egiten dira, elkarren arteko harremanak sortuz elkarlanean aritzen dira, eta egoera berezi honetan asko zaildu dira zeregin horiek. Horretaz gain, hasieran zailtasunak izan ziren ikastetxetik kanporako irteerak egiteko eta guraso elkarteok egiten ditugun ohiko jarduerak antolatzeko (zaintza, eskolaz kanpoko jarduerak, gurasoentzako formakuntzak eta abar). Orain, ordea, horiek guztiak berreskuratzen ari gara poliki-poliki.

Zein da EHIGEren aldarrikapen nagusia?

Hezkuntza ez formala errekuperatu behar da ikasleen hezkuntza integrala bermatzeko, eta kanpo espazioen erabilera sustatu behar da. Horretarako, ezinbestekoa da familien eta ikastetxearen arteko elkarlana.

Datorren ikasturteari begira administrazioak eskoletan zein neurri mantenduko dituen ba al dakizue?

Badirudi protokoloak bere horretan mantenduko direla, eta ondorioz, baita aurten izan ditugun errefortzu pertsonalak ere. Osasun egoera hobetzen den heinean, protokoloak ere malgutzen joango dira.

DBHn ordutegia jarraia izan dute bukatzear den ikasturtean.

Araban, BIzkaian eta Gipuzkoan jardunaldi zatitua egiten da eskolako etapa guztietan. Ikasturte honetan jarraia egiteko aukera eman da DBHn, baina datorren ikasturtean aurreko ikasturteetan izan duten jardunaldietara bueltatuko dira ikastetxeak: zatitura edo Hauspoa programara (barne-antolamendua berriztatzeko programa bat da, non curriculumeko jarduerak goizean ematen diren eta arratsaldean hautazko jarduerak).

Aurreko ikasturtean bat-batean harrapatu gintuen pandemiak. Azken ikasturtean moldatzeko aukera izan da eskola presentzialei eusteko. Zer ikasi da aurtengotik?

Hainbat gauza ikasi ditugu: familia eta eskolaren arteko elkarlana ezinbestekoa dela; pantailek ezin dutela inolaz ere ordezkatu aurrez aurreko jarduna eta pertsonen arteko kontaktua; eta orokorrean, auzoan eta herrian txertatutako eskola publikoa gizartea egituratzeko ezinbesteko tresna dela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide