Arraunerako akuilua taldeko giro ona

Nerea Uranga 2021ko eka. 10a, 19:00
Zumaiako trainerilletako taldea, Manex eta Urko Unanue anai azkoitiarrak falta dira.

Gazte ugarik erabakitzen dute arraunean hastea. Horietako lau dira Manex Azpillaga, Jon Santizo, Manex Unanue eta Urko Unanue azkoitiarrak. Zumaiako Telmo Deunen klubarekin aritu dira bateletan eta trainerilletan lehian. Taldean duten lagunarteko giroa da arraunean ibiltzeko gakoetako bat.

Kirola egiteko gogoak eta taldeko giro onak bultzatu ditu arrauna egitera Markel Beristain (Lastur, 2004), Manex Azpillaga (Azkoitia, 2003), Jon Santizo (Azkoitia, 2004), Manex Unanue (Azkoitia, 2003), Urko Unanue (Azkoitia, 2004), Enaitz Goenaga (Azpeitia, 2003), Eritz Cancedo (Elgoibar, 2004), Goiatz Aguado (Zumaia, 2005) eta Uritz Gorriti (Zumaia, 2006). Zumaiako Telmo Deun arraun klubeko trainerilletako taldeetako bat osatu dute, Jon Martin (Zumaia, 1988) entrenatzaile dutela.

Saskibaloia, futbola, atletismoa… Azkoitian eta Azpeitian kirola egiteko aukera faltarik ez duten arren, arraunean egitera Zumaiako Telmo Deun klubera joatea erabaki dutenetako batzuk dira Azpillaga, Santizo, Unanue anaiak eta Goenaga. Horren zergatia galdetuta, umorez hala diote: "Denean txarrak izanda… probatu egin behar beste kirolen bat". Santizo, esaterako, futbolean ibilitakoa da Azkoitian. "Ikas kirola bukatu nuenean futbolean hasi nintzen Anaitasunan, eta DBH-3ra arte ibili nintzen. Aspertu egin nintzelako utzi nuen futbola. Gero, kirolik egin gabe ez gelditzeagatik hasi nintzen arraunean, nire altuerarekin ezingo nintzen bada saskibaloian hasi…".

Gaztetxo gehienak 12 bat urterekin hasten dira arraunean, baina badira kimuen mailan patroi hasitakoak ere. Taldeko batzuk beste batzuk baino urte gehiago daramatzate arraun klubean. Hastapenetako oroitzapen oso onak ez dituzte, ordea, Azkoitiko eta Azpeitiko arraunlari gazteek: "Gaizki moldatzen ginen; zaila egiten zitzaigun arraunean egitea. Hasieran pazientzia handiarekin hartu beharra dago". Orain, baina, taldean duten "giro ona" dute arraunean segitzeko akuilua. "Entrenatzailea zein den ere alde handia dago, eta asko laguntzen du taldean dagoen giroak ere. Guk elkarrekin konfiantza handia daukagu, eta ederki moldatzen gara denok", diote arraunlariek.

Patroiak zumaiarrak

Taldeko bi zumaiarrak dira patroiak, baina hori "kasualitatez" dela dio Martinek. Jubenilen mailan lehiatu arren, biak kadeteak dira. "Patroiaren kasuan ez dago mugarik maila aldetik, eta nahiz eta mutiletan lehiatu, neska ala mutil aritu daiteke patroi. Baldintza bakarra gutxieneko pisua da: 55 kilotik gora izan behar du patroiak". Goiatz Aguadok aurten egin du aurreneko sasoia patroi gisa, eta nesketan bateletan patroi onenaren kopa irabazi du. Hilabete inguru da Aguado egungo trainerillako taldearekin hasi zela, hala kontatu du entrenatzaileak: "Bateletako Espainiako txapelketa jokatzera joan behar genuen Galiziara eta beste patroi bat hartzea erabaki genuen, badaezpada. Ordurako Goiatzek bateletako denboraldia bukatuta zuen bere mailako neskekin, eta gurekin etorri zen bateletako Espainiako txapelketa jokatzera. Ondoren, trainerilletako sasoia ere gurekin egin du".

Aguado "oso gustura" ibili da trainerilletako taldearekin, eskuzabalik hartu dutela dio. "Beste zerbait da mutilen mailan aritzea, ez dakit nola esan... Beste umore bat daukate hauek, eta giroa desberdina da. Oso ondo moldatzen gara. Taldean integratzea ez zitzaidan batere zaila egin, ondo hartu naute eta gustura ibili naiz", azaldu du Aguadok.

Orain, atsedena

Orain bi aste bukatu zuten beren trainerilletako sasoia, eta lorpenak ere izan dituzte, jubeniletako Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa irabazi zuten, esaterako. Bateletan, berriz, Galizian Espainiako Txapelketa jokatzeko aukera izan zuten, Euskadiko Txapelketan bigarren sailkatu ondoren.

Orain, denboraldia bukatuta, atsedena dute irailera bitartean. Baina arrauneko sasoia gogorra izaten dela diote. "Hasieran, astean hiru entrenamendu izaten ditugu, ondoren lau, eta sasoi betean astean sei egunetan entrenatzen dugu", dio entrenatzaileak. "Kirol exijentea da arrauna. Arraunean jarraitzeko aldagelako giro onak asko laguntzen du, gakoa da hori". Horretan bat datoz arraunlariak entrenatzailearekin: "Elkarrekin gelditzen gara entrenatzera joateko, eta lagunartean ibiltzeak asko laguntzen du arraunean jarraitzeko". Sasoia bukatu arren, oraindik ere azken palada ematea falta zaie: "Denboraldia behar bezala bukatzeko afaria edota bazkaria".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide