Azkoitiko Udalak lizitaziora atera ditu argiteria publikoaren berritze lanak

Aitziber Arzallus 2021ko eka. 10a, 16:07
(Azkoitiko Udala)

Lanen aurrekontua 959.308,36 eurokoa izango da, BEZ barne, eta udalaren Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) artean finantzatuko dituzte horiek. Besteak beste, herrian dauden 3.280 argi puntuetatik, 1.963 aldatuko dituzte.

Argiteria publikoa berritzeko lanak lizitaziora atera ditu Azkoitiko Udalak. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 959.308,36 eurokoa da, BEZ barne, eta udalaren eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) artean finantzatuko dituzte lanak, Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezte Institutuaren bitartez (IDAE). Udalak Europatik 487.519,18 euroko dirulaguntza lortu du aipatutako esku hartzera bideratzeko

Udalak azaldu duenez, lizitazioak herrian dauden 3.280 argi puntuetatik, 1.963 argiren hornikuntza eta instalazioa hartzen ditu bere baitan. Aurreikusitako jarduketaren xedea LED argiteria ezartzea da, eta ondorioz, energia eraginkortasuna areagotzea. Egindako azterketen arabera, potentzia 312,72 kilowattetik 78 kilowattera jaitsiko da, %82,49ko aurrezte energetikoa lortuz. 

Azkoitiko Udalak aurreko legealdian ekin zion herriko argiteria egokitzeari. Orduan udalerrian dauden kutxa elektriko guztiak berritu ziren, 47 hain justu, segurtasuna bermatzeko eta mantenimendu intzidentziak saihesteko. Hura izan zen gauzatutako proiektu osoaren lehenengo fasea. 

Orain, aurretik egindako hobekuntzei jarraipena ematea du helburu, beste bi jarduketa fase gehituz. Lehenengo, herriguneko argiak aldatuko dituzte, 1.963 kale argi, hain justu. Esku hartzeak beste 22 aginte zentrori ere eragingo. Ezartzen dituzten ekipo berriek gutxienez instalatutako potentziaren %75eko murrizketa bermatu beharko dute. Hirugarren fasean, kanpoaldeko argiteria berrituko dute, industriaguneetakoa, txirrindulari eta oinezkoentzako bideetakoa eta landa eremuetakoa. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide