Positibo bat hautemanda, jaitsi egin da intzidentzia tasa

Oraindik ere eremu gorrian jarraitzen du Azkoitiak, baina atzotik jaitsiera nabarmend izan du intzidentzia tasak: 517,40koa zen atzo eta 450,64koa da gaur. Eskualdean beste hamar positibo zenbatu dituzte, eta Hego Euskal Herrian, 288.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo positibo bakarra atzeman zuten Azkoitian. Ondorioz, atzotik jaitsiera nabarmena izan du hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak: 517,40koa zen atzo eta 450,64koa da gaur. Hala eta guztiz ere, tasa 400dik gorakoa izanik, eremu gorrian jarraitzen du Azkoitiak.

Eskualdean, berriz, hamar positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino hiru kasu gehiago. Azpeitia da kasu berri gehien baieztatu zituzten herria, hiru, hain zuzen ere. 328,52koa da hango intzidentzia tasa eta eremu laranjan jarraitzen du. Bina kasu atzeman zituzten Getarian, Zarautzen eta Zumaian, eta eremu horian kokatuta daude kostaldeko hiru herri horiek; 141,34ko intzidentzia tasa du Getariak, Zarautzen 162,76koa da eta Zumaian 254,40koa.

Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen, Orion eta Zestoan ez zuten positibo berririk atzeman atzo. Honako hauek dira herri bakoitzeko intzidentzia tasak: Aiakoa 50,38koa; Aizarnazabalgoa 260,38koa; Errezilgoa 161,03koa; Oriokoa 293,54koa; eta Zestoakoa 51,36koa. Beizaman, berriz, ez dute positiborik izan azken hamalau egunetan.

Hego Euskal Herrian 288 kasu berri

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, atzo 9.302 PCR eta antigeno test egin zituzten, eta 288 positibo baieztatu zituzten: 25 Araban, 134 Bizkaian, 76 Gipuzkoan eta 50 Nafarroan. Hala, Hego Euskal Herriko positibotasun tasa %3koa da.
 
Bestalde, ospitaleen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta jakinarazi du atzo 24 lagun ospitaleratu zituztela Osakidetzako erietxeetan. Egun 185 herritar daude ospitaleratuta, eta horietatik 77 daude ZIUn.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide