Azkoitiak Tolosaren aurka jokatuko du zapatuan gomazko paleten Herriarteko Txapelketaren joaneko finalerdia

Anartz Izagirre 2021ko eka. 10a, 09:31
2021eko gomazko paleten Herriarteko Txapelketan dabilen taldea.

17:00etan hasiko dira neurketak, Gurea pilotalekuan, eta datorren astean jokatuko diren itzulerako neurketetan erabakiko da zein herrik eskuratuko duen finalerako txartela.

Azkoitiak gomazko paleten Herriarteko Txapelketaren finalierdietara sailkatzea lortu zuen joan zen igandean, hilak 6, Soraluzeri (Gipuzkoa) irabazita, eta zapatu honetan izango dira finalerdietako joaneko neurketak, 17:00etan, Gurea pilotalekuan. Aste honetan eta datorrenean Tolosa izango dute aurkari azkoitiarrek, eta neurketa horiek irabaziz gero, finalera sailkatuko dira palistak. Duela bi urte Azkoitiak Herriarteko Txapelketa irabazi zuenean aurrean izan zuen aurkaria da Tolosa; orduan azkoitiarrek bi eta bat menderatu zituzten tolosarrak, Donostian.

Gomazko paleten Herriarteko Txapelketaren bigarren finalerdia, berriz, Donostiak eta Zarautzek jokatuko dute. Hain zuzen ere, final-laurdenetan Anoetak erretiratu egin behar izan zuen, eta itzulerako partida ezin izan zuten jokatu; hori dela eta, zarauztarrak sailkatu ziren finalerdietara. Beraz, Azkoitiak Donostia edo Zarautz izango luke aurkari finalean, finalerdietako joan-etorriko neurketak irabaziz gero.

Indarrean dauden neurriei jarraituz, txapelketa hasi zenetik egin duten bezala, jaialdi guztiak ateak itxita jokatuko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide