COVID-19aren egiaztagiri digitala eskuratu ahal izango da gaurtik aurrera

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur, asteazkena, publikatu du egiaztagiriaren inguruko informazioa Osasun Sailaren webgunean. Besteak beste, Europako Batasunaren barruan bidaiak errazteko izango da dokumentua, eta hiru egiaztagiri mota izango dira: txertaketarena, errekuperazioarena eta proba negatiboarena.

Uztailaren 1etik aurrera eskuragarri izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek Europako Batasuneko COVID-19 ziurtagiri digitala, eta sinadura elektronikoa dutenek gaurtik aurrera egin ahal izango dute eskaera. Atzo, asteartea, eman zuen horren berri Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak, eta gaur publikatu dituzte egiaztagiriaren inguruko xehetasun guztiak Osasun Sailaren webgunean. Sistema "pixkanaka" martxan jarriko dutela azaldu du erakundeak, harik eta datorren hilaren hasieran erabat ezartzen duten arte.

Jaurlaritzak adierazi duenez, egiaztagiriak aukera emango du COVID-19aren pandemiak iraun bitartean Europako Batasunaren barruan "askatasunez eta segurtasunez" ibiltzeko, QR irakurketa kodea izango duen dokumentu baten bidez. Horrez gain, egiaztagiri hori duten pertsonek "kontrol arinak" izango dituztela adierazi du erakundeak; egiaztagiria ez dutenek, berriz, herrialde bakoitzeko agintariek ezarritako kontrolak bete beharko dituzte, eta eskatutako informazioa aurkeztu.

Guztira, hiru egiaztagiri mota izango dira. Alde batetik, txertaketa egiaztagiria eskuratu ahal izango dute txertoaren dosi bat edo biak hartu dituzten herritarrek, eta dokumentu horrek ez du iraungitze data zehatzik izango. Bestetik, errekuperazio egiaztagiria eskuratu ahal izango dute COVID-19 gaixotasuna hautemateko PCR positiboa izan eta hurrengo 11 eta 180 egun bitartean gaitza igaro dutenek. Horrez gain, proba negatiboaren egiaztagiria ere eskatu ahal izango dute antigenoen proban 48 ordu lehenago eta PCR proben kasuan 72 ordu lehenago negatibo eman dutenek.

Digitalki eta aurrez aurre

Ziurtagiri digitala eskuratzeko bi modu jarri ditu Osasun Sailak: digitalki eta aurrez aurre, baina momentuz ez daude aukera guztiak erabilgarri.

Txertaketa ziurtagiria eskuratu nahi duenak honako lotura honetan egin dezake eskaera, sinadura elektronikoaren tresnekin; esaterako, NA elektronikoarekin, Izenperekin eta BAKQ-rekin. Sinadura elektronikorik gabe telematikoki eskaera egiteko prozesua, berriz, oraindik ez dute aktibatu, eta aurrez aurre ere gaur-gaurkoz ez dago horretarako aukerarik. Errekuperazio ziurtagiriaren kasuan ere momentuz sinadura elektronikoaren bitartez soilik eskuratu ahal da ziurtagiria, honako esteka honetan. Horrez gain, proba negatiboaren egiaztagiria eskatzeko aukera ere aktibatze prozesuan dago oraindik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide