Gaur hasi dituzte Azkoitia eta Urretxu arteko errepidea hobetzeko lanak

Andoni Elduaien 2021ko eka. 8a, 13:43
Luqui, Oiarbide eta Zubizarreta, udaletxean.

Lanak hasi dituzten zatiko lanek 7,8 milioi euroko aurrekontua dute, eta GI-631 errepidea hobetzeko proiektuaren hiru aurreratze tarteetako lehena da. Aizpurutxo pasatu eta berehala hasi dituzte lanak, eta 1,3 kilometroko tarte batean 400 metroko luzera duten aurreratze tarteak eraikiko dituzte bi norabideetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur, asteartea, hasi ditu GI-631 errepidea hobetzeko obrak Azkoitia eta Urretxu artean, eta lanen berri emateko Azkoitiko udaletxean bildu dira goizean Aintzane Oiarbide Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatua, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Jon Luqui Urretxuko alkatea. Proiektua gauzatzeko aurreikusitako hiru aurreratze tarteetatik lehena egiteko lanei ekin diete gaur. GI-631 errepidea hobetzeko proiektuak, guztira, 45,5 milioi euroko aurrekontua du, eta gaur hasi dituzten zatiko lanek 7.759.602 eurokoa. Hamabost hilabeteko iraupena izango dute lanek.

Obrarekin egungo errepidearen "trazadura hobetzea" eta errepidearen "plataforma handitzea" nahi du Aldundiak. 1,3 kilometroko tarte batean bi errei izatetik hiru erreira izatera pasatuko da errepidea, bidearen plataforma handituz. Aurreratze tarte horiek norabide batean zein bestean txandaka jarriko dituzte, eta errei bakoitzak 400 metroko luzera izango du. Obrak hasi dituzten gunea bi udalerrien arteko ibilbidearen erdian dago kokatuta, Aizpurutxo igaro eta berehala. Oiarbideren esanetan, lurraren orografiak eta geologiak "erraztasun handiena" eskaintzen duen gunean eta "premia handiena" dagoen tokian hasi dituzte lanak. 

Diputatua "pozik" agertu da obrei gaur hasiera eman zaielako. "Azkoitia eta Urretxu artean GI-631 errepidea berritzea eta hobetzea da, gaur egun, Aldundiarentzako proiektu estrategikoetako bat. Errepide horrek dituen 13 kilometroak oso garrantzitsuak dira bidea erabiltzen duten milaka gidarientzat, bai Zumarragako erreferentziako ospitalera joateko, bai Gipuzkoako gaitasun handiko biribilgunearekin konektatzeko. Lanek aukera emango dute joan-etorri horien segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko".

Errepide zati horretan dauden sarbideen segurtasuna hobetzeko lanak ere aurreikusten ditu proiektuak, eta horretarako, itxaroteko erdiko erreiak eraikiko dituzte. "Proiektu honek erronka handi bat ezarriko du; izan ere, errepidea irekita mantenduz egin nahi dira obrak. Oso zaila da trafikoa zabalik dagoela horrelako errepide bat konpontzea; izan ere, izugarrizko harkaitza daukagu alde batean, eta ibaia beste aldean. Horrek asko mugatzen gaitu, baina lorpena da trafikoa irekita izanda obra hauek egitea". Errepide mozketak ere izango dira tarte txiki batzuetan. "Harkaitzak apurtzeko eztandak egin beharko dituzte, eta orduan trafiko mozketak izango dira. Osakidetzak zein auzotarrek jakin behar dute eztanda horiek noiz izango diren, baina guztia koordinatuta dago".

Era berean, obra egiteak lurralde orekaren aldeko "apustu garbia" islatzen duela nabarmendu du diputatuak, eta Urola Garaiak nahiz Urola Erdiak "konexioak hobetu" egingo dituztela, eremu horretako sare ekonomikoaren "lehiakortasuna" indartuz. "Errepide sare erosoa, modernoa eta segurua izatea funtsezkoa da gure enpresentzat eta egunero lantokietara joaten diren langile guztientzat". Sustapen ekonomikoaren aldeko politikak bultzatzeko, azpiegituretan inbertitzea ere "oso kontuan hartu beharreko faktorea" dela nabarmendu du Oiarbidek.

Bi alkateak, "pozik"

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak ere albistea "pozgarria" dela esanez hartu du hitza. "Horrenbeste denbora zain egon garen eta hainbeste aldiz eskatutako lanak martxan dira. Hobekuntzak ibilbidearen denborak moztea ekarriko du, baina batik bat segurtasuna. Askoz hobeto egongo gara komunikatuta bi herriak, eta gure ospitalera lasaitasunez joateko aukera izango dugu. Aldaketa nabarmena izango da, eta asko eskertuko dugu". Jon Luqui Urretxuko alkateak, bestalde, egungo garaietan albiste onak ematea "guztientzat ona" dela nabarmendu du. "Aldundiak hitza eman zuen eta betetzen ari da esandakoa. Urte askoan entzun izan dugu errepidea konponduko zutela eta horretan hasi dira".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide