Eskualdeko eta Manresako udalek Inaziotar Bidea "ikuspegi turistikotik indartzeko" asmoa azaldu dute Intsaustin

Andoni Elduaien 2021ko eka. 7a, 13:19
Ordezkariak, Intsausti jauregiaren aurrean. (Argazkiak: Azkoitiko Udala)

Iraurgi Berritzenen eskutik, eskualdeko herrietako udal ordezkariak eta Manresako (Herrialde Katalanak) Udaleko ordezkariak Azkoitiko Intsausti jauregian elkartu dira Inaziotar Bidea kudeatzen duten erakundeen arteko harremanak "ikuspegi turistikotik indartzeko" eta lankidetarzako konpromisoa "berresteko".

Intsausti Jauregian bertako eta euskal erakundeetako ordezkariak, eta Manresako Udaleko buruak bildu dira gaur goizean, Jesusen Lagundiako arduradunekin batera, Inaziotar Bidearen proiektua ikuspegi turistikotik jorratzeko xedez. Iraurgi Berritzenek antolatu du topaketa. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Iraurgi Berritzenen presidenteak azaldu du Inaziotar Bidearen aldeko apustua "argia" dela, "ez bakarrik jarduera turistikoa sustatzeko eskaintzen dituen aukerengatik, eta ondorioz, ekonomikoa; baita gure izaera eta identitate kultural eta historikoa proiektatu eta balioan jartzeko ere, izateko eta egoteko modu bat", hain zuzen.

Iraurgi Berritzenen eskutik, Javier Zubizarreta presidentea buru dela, goizeko saioan parte hartu dute Azpeitiko Nagore Alkorta alkateak, Iker Goiri Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak, Daniel Solana Basquetour-eko zuzendariak, Ignacio Etxarte Loiolako Santutegiko errektoreak eta Marc Aloy Manresako alkateak.

Azkoitiko Udalak azaldu duenez, Inaziotar Bidea kudeatzen duten erakundeen arteko harremanak "ikuspegi turistikotik indartzea" izan da jardunaldiaren heburua, eta elkarrekin aurrera daramaten "lankidetzarekiko konpromisoa berrestea".

Inaziotar Bidearen "faktore potentziala are eta indartsuagoa" da aurten, Loiolako Inazioren konbertsioaren V. mendeurrena ospatzen delako. Garapen turistikoari dagokionez, Zubizarretak Loiolako Inazioren unibertsaltasuna azpimarratu du, "gizon, erromes eta santu", gisa. "Naturari lotutako esperientzia espiritualak gero eta gehiago bilatzen diren mundu honetan, Donejakue bideak gainezka egiten duenean, Inaziotar Bidea alternatiba erreala da. Bertakoaz haratago, nahikoa erraz nazioartekotu daitekeen proiektua da", azaldu du Zubizarretak.

Inaziotar Bideak natura eta landagunean murgilduta "esperientzia espiritual eta eraldatzaile bat bizitzeko aukera" eskaintzen duen unetik, Inaziotar Bideak turismo eta aisialdiari lotutako egungo gizarte joerekin "guztiz bat" egiten duela nabarmendu dute lan bileran, eta pandemiak "are eta gehiago azaleratu edo nabarmendu" dituela joera horiek. Aire zabalean eta naturan norberaren "garapen fisikoa, emozionala eta espirituala lortzeko, bizipen eta esperientziak bilatzera" doazela diote gizarteko tendentziek. Inaziotar Bidea monumentu izendaturiko Azkoitiko Alde Zaharretik igarotzen da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide