Atzera begira

Batzokiak, 40 urte

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 4a, 08:45

Aurten, apirilaren 26an, 40 urte bete dira Azkoitiko EAJk batzokia egungo lekuan martxan jarri zuenetik. Batzokia martxan jartzeko historia zein izan zen eta herrian aurrez izan ziren batzokien inguruan hitz egin dute lehengo eta oraingo Uri Buru Batzarreko kideek.

1907. urtera egin behar da atzera Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ) Azkoitian lehen aldiz kokatzeko. Urte hartan jarri zuten martxan lehen batzokia herrian Martzalkua lokalean, eta Azkoitiko Eusko Batzokiya izena hartu zuen. Egun eraikin hura eraitsita dago, baina kale izen berezi batek hartzen du gogoan eraikina egon zen lekua: Ikurrinaren plazak. Azkoitian ikurrina lehen aldiz Martzalkuan altxatu zuten, eta horregatik du egun izen hori etxarte horrek. 1907.eko martxoaren 31n, Pazko Igandez, inauguratu zuten Martzalkuako batzokia. Egun osoko egitaraua prestatu zuten: meza nagusia, pilota partidak eta dantzariak goizean, eta gero bazkaria. Arratsaldean, alderdiaren batzarra egin zuten Baztarrikaldean, eta euskal lurralde denetako ordezkariak elkartu ziren Azkoitian. Bertsolarien bertsoek tartekatuta zenbait aldarrikapen ere egin zituzten.

Martzalkuako egoitzatik alboko eraikin bateko bigarren pisura lekualdatu zuen EAJk batzokia tarte batez, baina gerora berriz ere Martzalkuara itzuli ziren. Jeltzaleek han izan zuten beren egoitza Gerra Zibila iritsi zen arte. Gerra lehertu zenean, alderdiaren egoitzak itxi egin behar izan zituzten ezinbestean. Juan Bautista Mendizabalek Martzalkuako batzokian esekita zegoen ikurrinari buruzko pasadizo bat kontatu du. "Orduko alderdikideek bi ikurrin josi zituzten elkarren gainean, baina erreketeak herrira sartu zirenean, Martzalkuan zeudenek bi ikurrin haietatik bakarra eman zieten erreketei; herriko plazaren erdian erre zuten ikurrina gasolinarekin. Erretze haren markak urteetan egon omen ziren plazan. Batzokiko beste ikurrina, ordea, egun Eroski dagoen lurretan lurperatzea lortu zuten alderdikideek metalezko piper poto batean". Ikurrin haren bila aritu ziren gerora, baina ez zuten aurkitu.

Leizaola lehendakaria Azkoitira iritsi zenekoa.

40 urteko diktadura bizi behar izan zuten azkoitiarrek, baina Franco diktadorea hiltzerako, eta bereziki hil ondoren, alderdia herri mailan antolatzeari ekin zioten. Alderdikideak elkartu ahal izateko, alderdiaren lehentasunetako bat batzoki bat lortzea izan zen. 1975. urtean hasi ziren proiektua bideratzeko lanean Azkoitian. "Leizaola, Bujanda eta Esnal sarri etortzen ziren Azkoitira. Hamabostean behin elkartzen ginen, eta alderdia zer zen azaltzen ziguten haiek. Herritik kanpora ere ateratzen ginen beste bilera batzuk egitera", adierazi du Roman Sudupek. "Pixkanaka-pixkanaka" jendea alderdian izena ematen hasi zela dio hark. Oroitzen da, gainera, "herriz herri eta kuadrillaz kuadrilla" ibili zirela EAJren proiektua aurkezten. Alderdi barruko txosten politikoak, sozioekonomikoak eta antolaketakoak egiten ere jardun behar izan zutela dio Sudupek.

Alderdi politiko baten egitura eman nahi zioten EAJri herrian, eta hura legezkoa izan aurretik hasi ziren lehen bilerak egiten. "Ezkutuan herritarrek utzitako lokaletan elkartzen ginen, klandestinitatean", dio Sudupek. Gerora, 1977ko apirilean, batzarra deitu zuten Jausoron, egun anbulatorioa dagoen lekuan. Artean, EAJk ez zuen bere egoitzarik, eta bilerak egiteko leku batetik bestera mugitu behar izaten zuten. Don Anastasio apaizaren Zerutxo lokalean egin zituzten lehen bilerak, Artxamendin; lokal hura biltzarrak eta hitzaldiak egiteko erabili ohi zen orduan. EAJko kideak han hasi ziren biltzen tarte batez, harik eta 1978an Mendizabal-Perez familiak –herrian Euzkitze bezala ezagunagoak– herriko plazan solairuarte bat utzi zien arte; hiru urte inguru egin zituen EAJk Euzkitzenekoen lokalean. Mikel Mendizabal Euzkitzek dioenez, "tarte baterako" utzitako lokala izan zen herriko plazako hura. "Azkenean urte bat baino gehiago egin genituen han, baina asmoa bitartean beste egoitza bat erostea zen", azaldu du. Euzkitzenekoen lokala alderdiaren garapenerako "oso garrantzitsua" izan zela nabarmendu du Sudupek.

 

Egunero talde desberdin batek izaten zuen batzokiko tabernaren ardura.

 

EAJko kideak, egungo batzokian.

Egungo batzokia

Aukera bat baino gehiago aztertu ondoren, 1981eko apirilaren 26an, zehazki duela 40 urte, EAJk batzokia inauguratu zuen egun duen leku berean, Julio Urkixo etorbidean. Egun guztiko egitaraua prestatu zuen Azkoitiko EAJk batzoki berria inauguratzeko. Eguna hasteko, meza nagusian parte hartu zutela dio Arrietak. Gero, Don Anastasio Albizu apaizak eta Don Genaro Lekuona erretoreak ikurrina bedeinkatu zuten, eta hura batzokiko mastatik altxatu zuten Jesus Maria Leizaola lehendakariak eta Luis Larrañaga Txanton orduko Azkoitiko Uri Buru Batzarreko presidenteak. Julen Sagarzazu Txiki dantza irakaslearen ikasleek ere parte hartu zuten ekitaldi hartan. Gero, Baztartxo antzokian batzarra egin zuten EAJkoek, eta handik Gurea pilotalekura joan ziren bazkaltzera. Kantxa "bete-betea" zegoela du gogoan Sudupek.

Illarra taberna-jatetxea erosi zuen EAJk. Lokala ordaintzeko modua nola egin pentsatu behar izan zuten, eta bonuak ateratzea erabaki zuten. Bonu bakoitzak 25.000 pezeta (150,25 euro) balio zituen, eta lau bonu hartu zituzten familiak ere izan zirela gogoratu dute egungo alderdikideek. "Dirua batzeko erabaki genuen bonuak saltzen jartzea", dio Mikel Mendizabalek. Alderdiak orduan egungo lokalaren "aurreko zatia" erosi zuela dio Itziar Arrietak. "Xubiren lantegia zegoen sukaldearen atzeko zatian, egun alderdiak erabiltzen duenean, eta zati hori gero erosi genuen".

Suduperen hitzetan, herrian faltan sumatu zuten behar bati erantzuteko jarri zuten martxan batzokia. "Alderdiaren oinarriak muntatzeko eta abertzaletasuna suspertzeko egoitzak eduki izan ditu EAJk herri bakoitzean. Nolabait, jendea berpiztea eta abertzaletasunean sakontzea nahi genuen, eta hori guztia gauzatzeko, ezinbesteko tresna zen batzokia". Jendeak batzokia prestatzen "gozatu" egin zuela diote; izan ere, tabernari lanak ere egin behar izan zituzten afiliatu gehienek. "Batzokiak taberna zuen, eta noski, hura kudeatu beharra zegoen". Alderdikieek erabaki zuten tabernaren ardura txandaka banatuko zutela denen artean. Mikel Mendizabal batzordekidea izan zen lehen urteetan. "EAJren Azkoitiko Uri Buru Batzarrean hamabi kide ginen, eta horietako bakoitza buru egin zen afiliatuen artean taldeak osatzeko. Egunero talde desberdin batek izaten zuen tabernaren ardura, eta hamabi egun igaro ondoren, hamahirugarren egunean berriz ere txandak errepikatzen hasten ziren". Itziar Arrieta ere batzordeko kidea zen garai hartan, eta gogoratzen da egunak "banatu" egiten zituztela talde bakoitzaren barruan. "Goizetik eguerdira erretiratuak egoten ziren tabernan lanean, jende gazteak lana egin behar izaten zuelako. Bazkalondoan emakumeak sartzen ziren tabernan, eta iluntzera arte egoten ziren. 19:30 aldean, berriz, gizonak etortzen ziren, eta taberna itxi arte egoten ziren". Era horretan urte bat baino gehiago lan egin zutela dio Mikel Mendizabalek,"guztia ordaindu arte".

Meza nagusia egin zuten parrokian batzokia inauguratu aurretik.

 

Lokala ordaintzeko 25.000 pezetako bonuak atera zituen alderdiak.

 

Batzokiko tabernara jakiak-eta eramateko, berriz, ikastolan erabili zuten metodologia bera erabili zutela du gogoan Juan Bautista Mendizabalek. "Ikastola orduantxe sortu berri zegoen, eta han erabili zuten modua erabili zuten batzokian ere. Familia batek kroketak egiten zituen, beste batek haragi gisatua eta beste batek patata tortilla". Batzokiko taberna hartan egon ohi ziren pintxoekin ederki oroitzen da Mendizabal. "Burue familiakoek albondiga onak egiten zituzten; gure amak kroketak egiten zituen". Halere, sukaldean bertan ere lan egin behar izan zuten, eta sukaldari baten izena aipatu du Arrietak. "Makina bat lan egin zuen Pilar sukaldariak batzokian. Sukaldari famatua zen herrian hura, oso-oso ona zen". Gerora, batzokiko tabernaren eta jatetxearen ardura zenbait familiak izan zuten, eta handik urte batzuetara errentan jarri zuten. Egun ere modu berean funtzionatzen du.

Batzokiko beste eginbeharrak

Tabernaren eta jatetxearen kudeaketaz gain, alderdiaren aldeko bestelako eginbehar batzuk ere egin behar izaten zituzten EAJkoek. "Hauteskunde ugari izaten ziren garai hartan, eta gaur egun aldean paper ugari itsasten zen hormetan. Gogoratzen naiz goizaldeko hirurak arte ibiltzen ginela kartelak-eta itsasten", kontatu du Mikel Mendizabalek. Horrez gain, pankartak eta farol batetik bestera lotzeko zintzilikarioak prestatzen ere jarduten zuten. Izan ere, 1979an egin ziren diktadura osteko lehen hauteskundeak, eta EAJk irabazi zituen Azkoitian. Gehiengo osoa lortu zuen EAJk udalean, eta Roman Sudupe izendatu zuten alkate. "Nagusitasun handia lortu genuen lehen hauteskunde haietan, hamazazpi zinegotzietatik hamar lortuta. Emaitza haiek dinamika handia sortu zuten alderdiaren barruan", dio Sudupek, orduko alkateak. Lehen agintaldian hamar zinegotzi izan zituen EAJk udalean, eta 1983ko hauteskundeetan bi zinegotzi gehiago lortu zituen. Alderdiak erabakietan "asmatu" egin zuela dio Sudupek.

Hauteskundeez harago, batzoki barrurako ekintzak ere egiten zituzten. "EGIko gazteek ekintzak antolatzen zituzten umeentzat: txokolatadak, zinema emanaldiak eta abar", dio Asier Aranbarri egungo Azkoitiko Uri Buru Batzarreko presidenteak. Juan Bautista Mendizabalek hitzaldiak-eta "asko" izaten zirela gehitu du, eta azken urteetan ere ari direla antolatzen. "Azken urteetan bai herrira eta bai alderdi barrura begira hitzaldi oso garrantzitsuak eta interesgarriak antolatzen dira Ostegun On zirkuituaren baitan". Alderdi Egunera oraindik orain ere joaten direla dio. "1977. urtean Alderdi Eguna ospatzen hasi ginenetik beti joan izan gara Azkoititik, pandemiak eragotzi digun arte". Herritik kanpo izaten ziren ekintzetan ere parte hartzen zuten, hala nola futbol txapelketetan.

 

Azkoitiko EAJ alderdiak 114 urte izatea "ikaragarria" dela diote jeltzaleek.

 

Batzokiaren inaugurazio ekitaldian, ikurrina altxatzen.

Sentimendu kontua

EAJko alderdikideak entzutea nahikoa da alderdia barrutik bizi dutela jabetzeko, "sentitu" egiten dutela ohartzeko. Juan Bautista Mendizabalek dio "beti sentitu" izan dutela alderdia eta "genetikoa" ere izan daitekeela. "Betidanik hauxe sentitu dugu, etxean ere hauxe sentiarazi digute, eta oraindik orain, munduan dagoen gauzarik onena dela uste dugu". Aranbarrik, berriz, "barru-barrutik" irteten zaien zerbait dela dio, "berezkoa". Sudupe harago joan da, eta azaldu du alderdiak izan duen bilakaera "herrian nabaritu" dela. "Herriaren erabateko eraldaketa eragin du EAJk. Udalean sartu ginenean herrian langabezia handia zegoen, eta gainera, lau azkoitiarretik batek herritik irten behar izaten zuen lanera joateko. Orduan, lantegia muntatu nahi zuenak ere ez zuen tokirik Azkoitian, ez zegoelako industrialderik. Horiek denak martxan jarri genituen udalean sartu ginenean, eta eraldaketa ekarri genuen herrira", azpimarratu du 1979tik 1987ra Azkoitiko alkatea izan zenak. Era berean, hark dio alderdi politiko batek izan behar duen funtzioa "herri bat martxan" jartzea dela, alderdi batek "helburuak sortu" behar dituela.

Juan Bautista Mendizabalek ere herriaren eraldaketa "ikaragarria" izan zela dio. "Lehengo garaitik garai berrira nabarmen aldatu zen herria. Franco hil zenean, edo hiltzear zela, dena aldatu zen Azkoitian. Udalak ere ez zuen zerikusirik". Mendizabalen esaldiari erantsiz, Sudupek "justizia egiteko" Juan Ignacio Uria zena izan du gogoan. 1976an hartu zuen Azkoitiko alkate kargua Uriak, eta 1979ra arte izan zen alkatea. Suduperen iritziz, "ekarpen handia" egin zion hark herriari. Mendizabalen arabera, abertzaletasunaren zenbait keinu ere Uriaren eskutik iritsi ziren. Uria Azkoitiko alkate zela altxatu zuten diktadura ostean ikurrina lehen aldiz herriko plazan.

 

Gaur egungo batzokia eraberritu egin zuten 2007an, eta berriz inauguratu zuten.

 

Sudupe lehengo eta oraingo udalen alderaketa egiten hasi da segidan. "Orduko udalek eta oraingoek ez dute zerikusirik. Garai haiek oso gogorrak izan ziren, eta udaletxean askotan geratu ginen barrutik atera ezinda. ETAk 1980an, hiru hilabeteren buruan, Azkoitian bost lagun hil zituela gogoratu du, eta urte haiek beretzat "gogorrak" izan zirela aitortu du. "Gure kontrako pintaketak, batzokiko ikurrinak aireratuta zein apurtuta... Gure alderdiarekiko biolentzia handia izan da. Egingo genituen gauzak gaizki guk ere, baina botoetan beti ateratzen ginen irabazten. Handiak jasan behar izan ditugu. Hori dena gure barruan dago gordeta, baina ilusioarekin egin dugu aurrera", adierazi du Juan Bautista Mendizabalek. Sudupek gaineratu du gertakari haiek EAJk "bide desberdin bat" hartu zuelako jazo zirela.

1907. urtetik Azkoitian egotea "ikaragarria" dela irizten diote jeltzaleek. "Segi egiten diogu, jakin izan dugulako herriaren beharrekin bat egiten. Alderdiaren bertuterik handiena hori dela esango nuke. Bestela alderdi batek ezin ditu 114 urte egin", azaldu du Aranbarrik. Juan Bautista Mendizabalek, berriz, alderdiaren "balioak" nabarmendu ditu. "Giza balioak eta herrigintza balioak ditu letra handiz EAJk. Guk ez dugu sekula gorrotorik izan, ez diogu inori harririk bota, gure indarra ahoan egon da".

Baztartxon EAJk batzarra egin zuenekoa.

Aurrera begirako erronkak

EAJk 114 urte egin ditu Azkoitian, eta argi du zein den alderdiaren apustua Aranbarrik: "Erronka nagusiena da herriak etorkizunera begira zer behar izango dituen jakitea eta herriak eduki ditzakeen beharrak aurreratzen joatea; hori da uneotan politikaren lanik nagusiena. Etorkizunera begira herrian zer arazo egon daitezkeen ikusi behar da, eta horiei aurrea hartzen ahalegindu. Bideak erraztu behar dizkiegu herritarrei. Alderdiaren ikuspuntutik begiratuta, berriz, abertzaletasunean sakontzen eta sendotzen joatea da asmoa, herri honek bere etorkizuna izan dezan eta katea eten ez dadin; aurrez jasotakoa etorkizunekoei ematen jarraitu behar dugu. Euskotarron aberria Euskadi da, eta gure helburua eta mugarria aberria eguneroko errealitatera egokitzea da, eta zenbat eta libreago izan askoz hobe zentzu denetan, bai herri eta bai pertsona bezala". Askatasunaren inguruan ere solastu nahi izan dute. "EAJ zerbait bada, alderdi gizatiarra da, eta garrantzia berezia ematen zaio pertsonaren askatasunari. Ezinezkoa da herri bat aske izatea, herri horretako pertsona bakoitza aske ez bada. Pertsonak aske izateko, hainbat politika ezarri behar dira askatasunera bideratuta, gizabanako bakoitzak aukera berdintasuna lortu dezan bere bizimoduari aurre egiteko, osasunaren, hezkuntzaren edota lanaren ikuspuntutik. Hori guztia lortu behar da pertsona askeak lortzeko, eta behin hori lortuta izango dugu herri askea", azaldu du Aranbarrik. Juan Bautista Mendizabalek, ostera, alderdi barruan "Azkoitiak duen izena" nabarmendu du. "Azkoitia, Azkoitia da alderdi mailan. Arzallus, Sudupe eta alderdiaren beste burkide batzuk azkoitiarrak izan dira. Azkoitia alderdiak ondo zaindutako herria izan da beti. Azkoitiko EAJk sona handia izan du alderdiaren barruan".

2007an egokitzapen lan batzuk egin zituzten batzokian, eta berriz inauguratu zuten. Egun hainbat koadro daude zintzilikatuta bertan, baina bada denen artean "altxor" bat dena: Felix Unzuetak egindako Sabino Aranaren aurpegia irudikatzen duen egurrezko lan bat. "Martzalkuako batzokian egondako artelana da, Gerra Zibilaren aurretik egindakoa. Gerra garaian, San Martingo Romarate familiako osaba batek eduki zuen etxean. Txorizaleak ziren, eta 40 urtez txori kaiola baten azpian eduki zuten ezkutuan". Gerra amaitu zenean, alderdikide bati eman zion artelana, eta irudi hori da orain Martzalkuako eta egungo batzokien arteko lotura egiten duena, Azkoitiko EAJren ibilbidea irudi batean biltzen duena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide