Erretratua

Leire Elguren: "Lanari asko eskaini arren, disfrutatzen ere badakit"

Nerea Uranga 2021ko uzt. 3a, 08:53
Leire Elgurenen erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Bidaiatzea, familian eta lagunartean egotea, musika entzutea, irakurtzea... eta aisialdiko une txikiekin disfrutatzea atsegin du. 2000. urtean Sarralle enpresan praktikak egiten hasi, eta haiek bukatu orduko egin zioten lan kontratua. Egun, enpresa talde horretako Marketin eta Komunikazio departamentuko ardura du.

Leire Elguren 45 urte egin behar dituen neska bat da. Familian eta lagunartean egotea oso gustuko du: "Familia handi batean jaio nintzen, lehengusu askorekin eta". Lagunartea ere handia du, "kuadrilla handia". Bidaiekin eta momentu txikiekin "asko difrutatzen" dakiena da: "Gauean, lanetik etxera iritsitakoan, askotan ardo kopa bat edota marianito bat prestatu eta hartzea gustuko dut". Mendia, hondartza, musika eta irakurtzea ere atsegin ditu. Dibertsitateak eta gauza desberdinek beti erakarri izan dute: "Desberdinak diren pertsonek, kulturek, gauzek... aniztasunak asko erakarri izan nau beti, eta horiek ezagutzen saiatzen naiz. Etxean ere saiatzen naiz hori erakusten". Lanari eta lanbideari asko eskaintzen dion pertsona da, "baina disfrutatzen eta gozatzen" ere badakiena. Ezaugarri horiekin guztiekin egiten du Elgurenek bere erretratu propioa.

Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen, EHUn, Donostian; "euskaraz egin nituen ikasketak", nabarmendu du: "Euskaraz Zuzenbidea ikasteko gela bat osatu genuen, eta ikasgai ia guztiak egin genituen euskaraz. Liburuak, ordea, asko erdaraz genituen". Letretatik jotzea erabaki zuen, historia, geografia, artea... ikasgaiak matematika eta fisika baino hobeto joaten zitzaizkiolako. "Zuzenbidea ikastea, ordea, ez nuen erabaki bizimodua hortik bideratzea nahi nuelako, gustuko nuelako erabaki nuen ikastea". Zuzenbidean lizentziatu bai, baina garbi zuen abokatu gisa ez zuela jardun nahi. "Une hartan, nondik nora jo ez nekiela gelditu nintzen pixka bat, eta bidaiatzea eta gauza desberdinak ezagutzea beti gustatu izan zaidanez, Londresera joatea erabaki nuen". Zazpi hilabete igaro zituen han: "Hilabete oso gogorrak izan ziren, baina bizimodurako ikasteko asko balio izan didan esperientzia oso ona izan zen. Ingelesa ikasi eta lana egiten nuen aldi berean; lan gogorra zen, eta asko irabazten ez nuena. Pisua ordaindu behar nuen, eta hango bizimodua oso garestia zen".

Londresko etapa bukatuta, beste ikasketa batzuk egiteko Azkoitira itzuli zen Elguren. Nazioarteko Zuzenbidea masterra egin ala ez zalantzan egon ondoren, "Zuzenbide Laboraleko masterra" egitea erabaki zuen. "Londresen oso ohikoa zen hori egiten jarraitu nuen: ikasi eta lana batera. Hala, asteburuetan-eta Iturrin zerbitzari jarduten nuen". Ikasketetako praktikak egiteko garaia iritsi eta horretan egin zituen lehen urratsak Azpeitiko Sarralle enpresan; 2000. urtea zen.

Sarralle enpresako Marketin eta Komunikazio arduraduna da Elguren gaur egun. Baina 21 urteotako Sarralleko bere ibilbidean zeregin eta ardura desberdinetan aritu da. "Giza baliabideen departamentuan praktikak bukatu, eta lan kontratua egin zidaten. Garai hartan, Sarralle handitzen hasita zegoen, eta Segurtasuneko eta Osasuneko departamentuko arduradun izatera pasatu nintzen. Sail horretan jardun nuen lanean hamazazpi urtez". Sarralle enpresa taldearen garapena ezagutu du, eta departamentu horren ardura izateak enpresaren barruko eta kanpoko tripak ezagutzeko aukera eman dio: "Hor ibili naiz instalazioen muntaketetan, bulegoetan, tailerrean, kanpoan, barruan... eta gizon artean. Baina batean zein bestean oso ondo ibili naiz, eta asko ikasi dut. Sektorea eta enpresa bera oinarritik ezagutzeko eta egiten ditugun lanak bertatik bertara ikusteko aukera izan dut. Behin baino gehiagotan egokitu zait enpresako ingeniariekin kanpoko muntaketetan bi aste pasatzea, eta haien lana ikusteaz gainera, ikusi dut soldatzaileen eta muntatzaileen lana ere".

Segurtasuneko eta Osasuneko departamentuan lan egindako urteak gaur egun enpresan duen lanerako "asko" balio izan diote. Azken hiru urteetan, Sarralle enpresako Marketin eta Komunikazio departamentuko ardura du azkoitiarrak. "Sarralle enpresaren beraren garapena, hazkundea eta zer lan egiten ditugun ezagutzeko aukera eman dit aurretik egindako lanak. Orain, enpresaren berri erakusterakoan edota komunikaziorako edozein material prestatzeko ezagutza hori guztia izateak asko errazten du nire lana".

Sarralle enpresak egoitza nagusia Azpeitian du, baina azken urteetan asko zabaldu da nazioartean eta "mundu guztirako" egiten du lana. Zumaian lantegia eta bulegoak ditu; Espainian, Madrilen bulego bat eta Gaztela eta Leonen lantegia ditu. "Horiez gain, Sarralle Indian, Txinan eta Italian dago nahiz Dubain, AEBn eta Mexikon filialak ditu". Azken urteetan asko hazi da Sarralle, asko dibertsifikatu da, baina "ez da behar beste erakutsi". Hala dio Elgurenek berak lan egiten duen enpresaz: "Urte askotan asko aldatu gara, asko handitu gara eta lan asko egin da, baina ez da erakutsi. Ohituragatik-edo Euskal Herrian enpresa askotan gertatu da hori; lan asko egin da, baina hori erakustea eta horren berri ematea asko kostatu zaigu. Gutxi hitz egin eta asko egin da. Orain, marketinean lan asko dago egin den guztia eta egiteko gai garen guzti hori ezagutzera ematen. Alde batetik, bezeroak ikusteko Sarrallen zer egiten dugun eta zer gaitasun dauzkagun. Bestetik, langileekiko eta ikasten ari direnekiko egin behar dugu lana. Haiek ikusteko profil askotako langileak behar ditugula eta haiek ere izan dezaketela Sarrallen lan egiteko aukera". Gizartera begira ere lan egiten ari direla nabarmendu du azkoitiarrak: "Izan ere, Sarralle garai bateko aktibitatearekin ezagutzen dute erakunde batzuek, eta gaur egun askoz gehiagorako gaitasuna daukagu". Egurenek dio bere ardurapeko departamentuan lan faltarik ez dutela, era bateko edota besteko komunikazio kanalak elikatzen eta sortzen dabiltza buru-belarri lanean: "Garai honetan, lan gehiena enpresatik kanporako zein barrurako komunikazioa lantzen dugu".

Urte hauetan guztietan Sarrallen egindako lanak profesionalki eta pertsonalki hazteko balio izan dio Elgureni: "Lan prebentzioan lanean jardun nuen garaian, kanpoko toki askotara joateko aukera eduki nuen, bezeroen instalazioetara muntaketa lanetara joaten nintzen, baita umeak txikiak nituela ere; batzuetan gogorra egiten da urtebeteko alaba etxean utzi eta bi asterako-eta lanera kanpora joan beharra. Sarrallek aukera eman dit lanera leku askotara joateko, eta kasu horietan nik ez diot mugarik jarri neure buruari, eta orain asko eskertzen dut hori guztia". Kultura desberdinak eta lan egiteko modu berriak ezagutzeko aukera izan du lanari esker. "Kanpora irteteak asko erakutsi digu bai enpresa gisa, baina baita niri ere pertsona bezala". Esperientzia berrietatik, nahiz eta batzuetan gogorrak izan, beti ikasten dela uste du: "Toki desberdinetan ibilita, profil eta izaera desberdinetako pertsonekin lan eginda eta esperientzia berriak bizita, gauzak beste ikuspuntu batetik ikusten ikasten da. Horretan zortea eduki dut. Etxean nahiz lanean beti izan dugu kanpoko hori ezagutzeko joera".

Motzean

Adina: 45 urte.

Ikasketak: Zuzenbidean lizentziatua eta Lan Harremanetarako masterra.

Lanbidea: Sarralle enpresako Marketin eta Komunikazioko arduraduna.

Marketin eta komunikazio arduraduna ez banintz... Diseinuan ariko nintzateke, barne diseinuan, modan... Arkitekturak, planoek... erakartzen naute. Etxean beti ikusi ditut planoak, eta urteak pasatu ahala konturatzen naiz gustuko ditudala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide