Hitz bitan

Ane Etxeberria: "Azkoitiarrek bezala, zipretarrek ere gustuko dituzte tabernak eta aisia"

Anartz Izagirre 2021ko eka. 12a, 08:11
Ane Etxeberria, Zipren.

Zipreko Limassol hirian bizi da Ane Etxeberria (Azkoitia, 1994) joan zen urtetik. Enpresa bateko finantza departamentuan egiten du lan, eta momentuz han geratuko dela dio.

Hamar hilabete daramatzazu Zipren. Zer dela-eta joan zinen hara?

2019an Asian zehar bidaiatzen ibili ginen, eta handik bueltan pandemiak bete-betean harrapatu gintuen. Etxean bost hilabetez egon ondoren, finantza munduan lan aukera interesgarria sortu zitzaidan Zipreko Limassol hirian, eta bikotekidearekin hona etorri nintzen.

Nolakoa da zure eguneroko jarduna?

Astean zehar lanean pasatzen dut eguna; enpresa bateko finantza departamentuan egiten dut lan. Lankideekin harreman ona dut, eta lanetik ateratakoan zerbait hartzeko geratzen gara hondartzako taberna batean. Beste batzuetan, berriz, kirola egiteko aprobetxatzen dut eguna.

Zer desberdintasun topatu dituzu azkoitiarren eta zipretarren artean?

Limassol hirian kanpotar ugari dago, eta ez dira zipretar asko ikusten. Gu, ordea, parte zaharrean bizi gara, eta gure bizilagunak zipretarrak dira. Eguna etxetik kanpo pasatzen dute horiek, eta gustuko dute edozein tokitan familiarekin eta lagunekin barbakoak egitea. Azkoitiarrek bezala, zipretarrek ere gustuko dituzte tabernak eta aisia.

Zer-nolako eragina izan du pandemiak bizi zaren inguruan?

Eragin handia izan du; alde batetik, turismotik bizi direlako, eta bestetik, tabernak itxita egon direlako lau hilabetez. Konfinamendu antzeko zerbait izan dugu, eta kalera ateratzeko SMS baten bitartez eskatu behar genuen horretarako baimena. Dena den, esan beharra dago hemen 20 urteko herritarrak txertatzen ari direla dagoeneko, eta antigeno testak dohainik egin ditzakeela edonork kalean zehar. CoronaPass izeneko txartela derrigorrezkoa da uhartean.

Uhartea bi zatitan banatuta dago 1974. urtetik. Gatazkarik antzematen al duzu inguruan?

Ez, tarteka hegazkin militarrak ikusten dira, baina normalean, ezer ez. Koronabirusa tarteko, ez dut izan aukerarik Nikosian dagoen muga zeharkatzeko eta uhartearen alde turkiarrera pasatzeko. Ea aurtengo udan egiten dudan.

Greziera eta turkiera hitz egiten dira herrialdean. Izan al duzu hizkuntza horietakoren bat ikasteko abagunerik?

Turkiera uhartearen zati txiki batean hitz egiten dute; greziera, aldiz, ia irla guztian. Alfabeto desberdina du grezierak, eta zaila egiten ari zait ikastea. Justuko hitzak ikasi ditut: Yásasek kaixo esan nahi du, Kalimerak egun on, Efjaristók eskerrik asko.

Zipren zaudenetik izan al duzu ingurua ezagutzeko aukerarik?

Hemen ia 11 hilabete daramatzadan arren, konfinamendua dela-eta ez dut ingurua ikusteko aukera handirik izan. Limassolen eta inguruko mendietan nahiz hondartzetan, Pafosen, Ayia Napan, Protarasen eta mendi aldean izan gara utzi digutenean.

Hor topatu duzun zerk harritu zaitu gehien?

Ez nuen Zipre horrelakoa izango zenik espero. Hondartza eta mendi altuak topa ditzakezu, eta eskiatzeko pistak ere baditu. Egunero eta orduro dabil jendea kalean, tabernetan, hondartzan... Mundu osoko jende gazte ugari dago, gainera. Asko gustatzen zait hemengo giroa.

Ba al dago Zipren gustuko ez duzun ezer?

Zerbitzu publikoak ez dira onak; makalak dira, eta ikustekoa da nolakoak diren ospitale publikoak... Hala ere, behar izan dugunetan, ondo tratatu gaituzte.

Herriminik sentitu al duzu hilabete hauetan guztietan?

Bai, asko. Gabonen inguruan, batez ere, sentibera jartzen gara denok. Aurten izan da Gabonak etxetik kanpo pasatu ditudan lehen aldia; desberdina izan da, baina ondo pasatu dugu.

Ba al duzu Azkoitira bueltatzeko intentziorik?

Bai, noski. Momentuz, ordea, bisitan joango naiz. Dena den, han bezala inon ez da egoten!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide