Argindarraren prezioa, ordutegien baitan

Andoni Elduaien 2021ko eka. 5a, 08:30

Espainiako Gobernuak horrela araututa, aurrerantzean argindarrak prezio desberdina izango du ordu bakoitzean. Hiru tarte banatu dituzte prezioa finkatzeko. Puntako orduetan izango du argindarrak prezio altuena eta haran ordukoetan baxuena. Mila Urzelai Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoko (KIUB) kideak argindarrean egin dituzten aldaketen inguruko azalpenak eman ditu.

Ekainaren 1ean sartu zen indarrean argindarraren faktura berria, kontsumo mota, eta bereziki, ordua kontuan hartuko dituena. Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikoaren Ministerioak ordutegi-bereizketan oinarrituko den egitura bat diseinatu du, erabiltzaileek kontsumo-eraginkortasunaren arabera aurrezteko aukera izan dezaten. Behe-tentsioko kontsumitzaile guztiek, etxeek eta enpresa txikiek zein ertainek, hiru tartetan banatutako ordutegia izango dute aurrerantzean. Beraz, prezio desberdinak ezarri dituzte: puntako ordua, bitarteko ordua eta haran ordua. Gainera, tarte bakoitza prezioaren arabera banatu dute; puntako orduetan izango du argindarrak prezio altuena eta haran ordukoetan baxuena.

Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 22:00etara puntako orduak izango dira. Tarte horretan izango du argindarrak preziorik garestiena. Bitarteko ordutegia ere izango da; astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 10:00etara, 14:00etatik 18:00etara eta 22:00etatik 00:00etara. Haraneko ordutegia ere zehaztu dute; orduan izango du argindarrak prezio merkeena. Tarte hori astelehenetik ostiralerako 00:00etatik 08:00etarakoa izango da, baita asteburuko eta jaiegunetako 24 orduak ere. Ondorengo irudian ikus daiteke tarte bakoitzaren ordutegia zein den.

Kontsumitzaileek nahi badute, bi potentzia kontratatu ahal izango dituzte aurrerantzean, bat egunerako eta bestea gauerako; potentzia bat puntako ordukoa edo bitarteko ordukoa izango da, eta beste potentzia haraneko ordukoa. Hala ere, kontsumitzaileak potentzia bikoitza ez badu eskatzen, automatikoki egun kontratatuta duten potentzia aplikatuko zaio. Mila Urzelai Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoko (KIUB) kideak nahasketak ekiditzeko asmoz azaldu du, argindar konpainiak ez direla telefonoz bezero bakoitzari deika hasiko. "Hasiera batean kontsumitzaileak ez du ezer egin behar, konpainiak beraiek jarriko dira kontsumitzaile bakoitzarekin harremanetan, baina ez telefonoz. Nahasketa handia egoten da telefono deien bitartez, eta arazo handiak sor daitezke. Kontsumitzaileei idatziz bidaliko dizkiete zein diren aldaketa berriak, eta horiek nola eragiten dioten bakoitzari", azaldu du Urzelaik.

Argindarrari lotutako zalantzak asko jaitsita zeudela nabarmendu du Urzelaik. "Garai oso lasaia izan dugu bulegoan. Lehen arazo handiak sortzen ziren, komertzialak-eta etxez etxe ibiltzen zirelako. Pare bat urte lasai pasatu ditugu, baina aurtengo urtearen hasieratik berriz ere argindarrari lotutako zalantzek gora egin dute. Fakturak ikusitakoan kontsumitzaileak aldaketaren bat egin nahiko balu, norberak jarri beharko du harremanetan bere argindar konpainiarekin".

Aurrera begirako aldaketak

Urzelak adierazi du argindarraren prezioa ordutegien arabera sailkatzeko erabakia, argindarraren erabilera banatuagoa izan dadin hartu dutela. "Biztanle guztiak ordu berdinean kontsumitzen egon beharrean, nolabait sustatu nahi dute ordutegi desberdinetan kontsumitzea, eta gainera, sari moduko bat emanez". Euskal gizartearen bizimodu ohituretatik kanpoko ordutegietan da merkeena orain argindarra. "Zenbaitentzat oso zaila izango da antolatzea. Kontsumoa aldaketa bat ari dira bultzatzen, bestela ez lukete lege aldaketa egingo. Prezio merkeena izango duen ordutegiarekin, gainera, hainbat gauza bultzatu nahi dituzte, ibilgailu elektrikoak ordu tarte horretan kargatzea, esaterako".

Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa (KTBP) edukiz gero, kontsumitzaile bakoitzaren datuak ezagutzeko aukera ere badagoela jakinarazi du Urzelaik. "KTBPa edukiz gero, azken urtebeteko kontsumoa ikusteko sarbidea dago, eta horrela kontsumitzaile bakoitzak ikusi ahal du zein ordutegitan eduki ohi duen kontsumo handiena". Urzelairen arabera, onartu berri duten ordutegiaren araberako argindar faktura berrira egokitzeko "egokia" izan daiteke modu hori.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide