Ezohiko urtea, Baztartxo antzokiarentzat

Andoni Elduaien 2021ko eka. 3a, 08:15
Baztartxo antzokia.

Azken denboraldian behera egin du Baztartxo antzokian film komertzialak ikustera joan ohi diren ikus-entzuleen zenbatekoak. Hala eta guztiz ere, Tomas Guembe Baztartxo antzokiko arduradunak dio, kontzertuak, antzerkiak nahiz ikuskizunak ikusterako garaian jendeak "ondo" erantzun duela. Azken denboraldiko film eta ikuskizun arrakastatsuenak zein izan diren ere jakinarazi du.

Amaitu da Azkoitiko Baztartxo antzokiko film komertzialen denboraldia. Ikus-entzuleen kopurua "ikaragarri" murriztu dela dio Tomas Guembe Baztartxo antzokiko arduradunak. Haren arabera, aurreko denboraldietan baino "laurden bat gutxiago" izan da aurten antzokian, argi du zein izan den jaitsiera horren arrazoi nagusia. "Jendeak bildurra du leku itxietara edo barrura sartzeko. Kanpoan lasai ibiltzen da, baina barruan maskararen erabilera-eta derrigorrezkoa da eta beldur gehiago du", azaldu du.

Iazko irailean hasi zuten aurtengo denboraldia Baztartxon. Filmen hasiera ordutegietan aldaketak egin behar izan dituzte, besteak beste, etxeratze aginduagatik antzokiaren itxiera ordua aurreratu beharra zegoelako. Ordu aldaketa horiek ere "eragin handia" izan dutela dio Guembek, eta jende jaitsieraren beste arrazoietako bat hori izan dela nabarmendu du. "Batik bat astelehenetan izan du eragin handiena. Ikuslearen eguneko filma 19:00etara aurreratu genuen 20:00etatik, eta egun horretan asko jaitsi zen jendea. Filma 20:00etan zenean, jendeak lanari utzi eta hona etortzeko beta izaten duen, baina 19:00etan hasita ezinezkoa zen askorentzat". Gainerako egunetan 19:30etik 19:00etara aurreratu zuten filmen hasiera ordutegia, eta egun horietan eragina horren nabarmena ez dela izan adierazi du Baztartxoko arduradunak. Haurren film emanaldiak ere ohi baino hilabete lehenago eskaintzeari utzi zioten. "Umeentzako filmak ikustera oso jende gutxi etorri da, denboraldi hasieratik gainera. Umeak ez ziren etortzen eta helduak are gutxiago", nabarmendu du Guembek.

Film komertzialak normaltasunez hasi ziren eskaintzen, baita aurrez bertan behera gelditutako zenbait kontzertu eta antzerki ere. "Kultur programazio nahikoa zabala egon da, eta jendeak oso ondo erantzun du. Ostalaritza guneak 20:00etara arte irekita egon zitezkeenean ondo erantzun dute ikus-entzuleek, baina behin itxiera 22:00etara atzeratu dutenetik jaitsi egin da zerbait; hala eta guztiz ere, nahikoa ondo mantendu da ikus-entzule kopurua antzerkietan eta kontzertuetan".

Denboraldiko arrakastatsuenak

Denboraldia beste urteetan baino apalagoa izan bada ere, arrakasta handia izan duten filmak, antzerkiak eta kontzertuak eskaini dituzte azken denboraldian Baztartxon. Haurren filmei dagokionean, Scooby, Trolls 2 eta Tom eta Jerry filmak izan dira ikusle gehien bildu dituztenak; helduei zuzendutako filmetan, berriz, euskal filmek izan dute arrakasta handiena antzokian. Akelarre, Korosagasti, Erlauntza, Hil kanpaiak eta Non dago Mikel? filmak ikustera joan da herritar gehien Baztartxora. Atzerriko filmei dagokionez, aldiz, arrakastatsuena Nomaland izan dela jakinarazi du Guembek.

Filmez gain, azken denboraldian antzerkiak, bakarrizketa saioak eta kontzertuak ere eskaini dituzte Baztartxon. Antzokiaren edukiera mugaraino bete duten saioak ere izan dira aretoan, "bereziki denboraldiaren hasieran", dio Guembek. Baztartxoko arduradunak azaldu du Moko zorrotza antzerkia eta Zuhaitz Gurrutxagaren FutbolisTok bakarrizketa saioa izan direla arrakasta handiena izan duten ikuskizunak. Kontzertuei dagokionez, berriz, Xabi Solanoren, eta Azkoitiko Bulego taldearen nahiz Anari bakarlariaren emanaldiak izan dira Baztartxoren egungo edukiera bete dutenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide