TicketBAI sistemaren gaineko informazio saio berria egingo dute ekainaren 7an Azpeitian

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 31a, 16:31

Iraurgi Berritzenek Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako merkatari elkarteekin batera antolatu du saio hori. Izan ere, "bereziki kalean kokatzen diren establezimendu mota desberdinei" zuzendutakoa izango da. Soreasu antzokian egingo dute, 14:30etik 16:30era, eta parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena.

TicketBAI sistemaren xehetasunak azaltzeko laugarren informazio saioa antolatu du Iraurgi Berritzenek. Ekainaren 7an izango da, eta oraingo honetan Azpeitiko Bertan, Azkoitiko Herrixen eta Zestoako merkatarien elkartearekin elkarlanean prestatu du saioa eskualdeko garapen agentziak.

Izan ere, "bereziki kalean kokatzen diren establezimendu mota desberdinei" zuzendutako informazio saioa izango da gaur zortzikoa, eta aipatutako hiru herrietako establezimenduen arduradunek har dezakete parte. Azpeitiko Soreasu antzokian egingo dute, 14:30etik 16:30era, Gipuzkoako Bazkundearen eskutik. Gaztelaniaz emango dute saioa, eta aforoa mugatua izango denez, parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea, Interneten formulario hau beteta edo 688 823 944 telefono zenbakira deituta (Xabier Aldalur). Aforoa osatutakoan itxiko dute izen-ematea.

TicketBAI foru ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean sorturiko sistema da, eta helburua lege zein teknika arloko betebehar batzuk ezartzea da. TicketBAI martxan jartzen denetik aurrera jarduera ekonomikoa duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek baldintza tekniko batzuk betetzen dituen fakturazio software bat erabili beharko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide