'Ongi etorri uda' erakusleiho lehiaketa antolatu dute udalak eta Herrixenek

Andoni Elduaien 2021ko mai. 26a, 13:23

Ekainaren 1etik 14ra bitartean eman ahalko dute izena Azkoitiko establezimenduak udako erakusleiho lehiaketan. Epaimahaiak hiru sari banatuko ditu Herrixeneko bonuetan.

Udaleko merkataritza sailak eta Herrixen Azkoitiko merkatari elkarteak erakusleiho lehiaketa antolatu dute 'Ongi etorri uda' lelopean. Orain arte, Gabonetan antolatu ohi izan dute lehiaketa, baina aurten, herrian "bertako kontsumoa dinamizatzeko lagungarria" izango delakoan, uda sasoian ere erakusleiho lehiaketa egitea erabaki da.

Epaimahaiak Herrixenen 350 euroko, 250 euroko eta 150 euroko balioa duten bonuak banatuko ditu saritan. Eraskusleihoaren originaltasuna, modernitatea eta sormena baloratuko ditu epaimahaiak, besteak beste, eta baita salgaien erakargarritasuna eta uda giroa islatzeko modua ere. Ekainaren 25ean banatuko dituzte sariak. 

Lehiaketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Ekainaren 1etik 14ra bitartean egongo da zabalik izen-ematea, eta erakusleihoak ikusgai, ekainaren 14tik ekainaren 30era egongo dira. Azkoitiko Udaletxeko Herritarren Harrera Bulegoan, Herrixenen Bulegoan –Kultur Etxeko 1go solairuan– edo herrixen@hotmail.com helbidean eman ahalko da izena. Parte hartu nahi duten establezimenduek ekainaren 14rako erakusleihoa prest izan beharko dute eta erakusleihoaren argazki bat bidali beharko dute Herrixen Merkatari elkartearen herrixen@hotmail.com e-postara edota 608 31 30 24 Whatsapp zenbakira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide