Aisia eta kirol jarduera egokituei eta inklusiboei buruzko formazio saioa emango dute ekainaren 5ean

Mailo Oiarzabal 2021ko mai. 24a, 11:47
(Azkoitiko Udala)

Udalaren Gazteria sailak antolatu du, Elkargunearekin eta Marea Urdinarekin lankidetzan, eta aisialdi jardueretako eta udalekuetako begiraleei zuzenduta dago. Zortzi orduko saioa izango da, doakoa, Izen-ematea irekita dago, plazak mugatuak izango dira eta Elkargunaren webgunean eman behar da izena.

Aisia Guztiontzak izeneko formazio saioa emango du Azkoitian, datorren ekainaren 5ean, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak; udalaren Gazteria sailak antolatu du, Elkargunearekin eta Marea Urdina elkartearekin lankidetzan. Aisia eta kirol jarduera egokituen eta inklusiboen gaineko trebakuntza saioa izango da eta aisialdi jardueretako eta udalekuetako begiraleei zuzenduta dago. Goiz eta arratsalde, guztira zortzi ordu iraungo du saioak, 09:30etik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.

Ekainaren 5eko formakuntza saio horretan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, Elkargunearen webgunean. Izen-ematea doakoa da, baina plazak mugatuta daude; ekainaren 3an itxiko dute izena emateko epea.

Hitzaldiak eta helburuak

Lau hitzaldik osatuko dute Aisia Guztiontzak formazio saioa; Jurgi Olasagasti, Eneritz Maiora, Iñigo Iturbe eta Alicia Figueroa izango dira hizlariak.

Begiraleek "jolas eta kirol jarduera egokituak eta inklusiboak diseinatzeko gaitasuna" eskuratzea, "segurtasun, dibertsio eta partaidetza parametroak erabilita aisialdi aktiboak eta kirol ezberdinen praktikak eskaintzen dituzten aukerak ezagutaraztea" edota "gatazkak kudeatzeko eta beste pertsona guztiekin errespetuzko jarrerak ez direnak zuzentzeko dauden baliabideak" jorratzea dira saioaren helburu nagusienetakoak. Horretarako, Gipuzkoako kirol egokitu eta inklusiboa, inklusiorako dauden erresistentziak, oztopoak eta bideratzaileak, ezgaitasunen ezaugarriak edota taldea osatzen duten pertsonen arabera, saio inklusiboak eta egokituak diseinatzeko estrategiak landuko dituzte, besteak beste, ekainaren 5eko hitzorduan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide