Pairatzen ari garen kontrol teknologikoa

Erabiltzailearen aurpegia

Bizitzen ari garen krisi garai honetan, eta pandemiaren aitzakiapean, burgesiak ezarri dituen osasun neurriak medio, langileriaren gaineko kontrola bortizki areagotu da. Neurri errepresiboak hartzeko testuingurua sortu dute, jendarteari gure osasunaren aldeko neurriak direla sinestaraziz, ordena mantentzeko erabiliak. Ildo honetatik, burgesiaren ofentsiba martxan da, eta kontrol sozialerako dituen erraminten erabileraren gorakada normaldu eta bidezkotu da.

Kontrolerako herraminta horien artean, azken hamarkadan bizitzen ari garen iraultza teknologikoak garatu dituen kontrolerako tresna digitalak ditugu. Teknologia berri horien garapenaren bitartez, langileriaren eguneroko bizitza kontrolatzen dute boteredunek. Horrela, gizarteko masa zabala askatasun errealik gabeko errealitate batean egotera kondenatzen dute.

Horren helburu nagusia da sistema kapitalistaren baitan murgiltzen ez diren edozein korronte ideologiko-politikoren garapena ekiditea. Modu honetan, langileok antolatzeko, eta modu berean, langileon kontrolpeko gizarte eraldaketa baterako bidea boikoteatuz. Horrez gain, beharrezkoa dugu aipatzea, burgesiaren kapital metaketa ahalbidetzeko, teknologia horiek duten izaera komertziala ezinbestekoa dela.

Horren adibide garbia besterik ez da 5Garen garapena, Internet bidezko kontrola areagotzen duena, dispositiboen arteko konexio zuzen eta azkarrago batekin. Horrekin batera, ugariak izan dira telefono mugikorren bidez herritarren mugimenduak kontrolatu ahal izateko sortu dituzten aplikazioak eta eman dituzten aurrerapausoak. Esaterako, COVID-19aren aitzakiapean sortu dituzten kontrol aplikazio zein teknologiak; non, noiz eta norekin egon zaren jakitea ahalbidetzen dutenak, mugikorren geolokalizazioaren bidez herritarren mugimenduak arakatzeko aukera ematen dutenak, aurpegiaren errekonozimenduko gailu berrien sorrera, droneak…

Azken urteetan hiri zein herrietan egon den kameren presentziaren gorakadan ere, kontrol teknologiko bera ikus dezakegu. Horien bitartez, langileriaren egungo bizitza kontrolatua eta monitorizatua geratzen da, gure bizi-jardueren gaineko informazioa etengabe bilduz. Azkoitian bertan, gutxienez 35 kamera zenbatu ditugu gure kaleak eta mugimenduak filmatzen dituztenak. Orain dela gutxi Errotxapean eman ziren hamar gazteen atxiloketak ere, kontrol bera erakusten digute. Horiek beren mugikorretatik izandako elkarrizketak poliziaren kontrolpean zeuden momentutik.

Azkoitiko Gazte Asanbladatik garbi dugu gure askatasun indibidualak zein kolektiboak urratzen ari direla goraka egiten ari den kontrol teknologikoaren bitartez. Langileon askatasun politiko eta zibilen ezabatzea da ondorio zuzena. Hortaz, langileon antolakuntzari dei egiten diogu, ofentsiba burgesaren aurkako irtenbide bakarra dela ikusten dugulako

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide