Iosu Beitiak Espainiako Mendiko Automobilismo Txapelketa irabazi du CM+ modalitatean

Andoni Elduaien 2021ko mai. 17a, 09:03
Iosu Beitia, Speedcar GT 1000 autoarekin. (Argazkia: utzitakoa)

Txapelketako CM+ modalitatea irabazi zuen Azkoitian bizi den auto gidariak Speedcar GT 1000 autoarekin. Arriondasen (Asturias, Espainia) jokatu zen Espainiako Txapelketako lehen proba.

Iosu Beitia Azkoitiko bizilagunak Espainiako Mendiko Automobilismo Txapelketako denborarik onena ezarri zuen atzo, igandea, CM+ modalitatean. Gainera, txapelketako bigarren kategoriako seigarren denborarik onena egin zuen Beitiak. Arriondasen (Asturias, Espainia) jokatu zen txapelketa, eta Speedcar GT 1000 autoarekin lehiatu zen Fitoko Nazioarteko Igoeran. Espainiako Automobilismo Txapelketaren irekiera proba izan zen Arriondasen jokatutakoa, eta Europako lehiaketaren bigarren hitzordua.

Entrenamenduetako igoeren ondoren, parte hartzaileek hiru igoera egin behar izan zituzten Fiton, eta hiru horietatik bi onenak hartu zituzten kontuan sailkapen orokorrerako. Beitiak 03:30:213ko denbora markatu zuen lehen igoeran, baina ez zen izan bere igoerarik onena; izan ere, ondorengo bi igoeretan nabarmen hobetu zituen denborak. Bigarren igoeran, hamar segundo gutxiago behar izan zituen igoera egiteko –03:20:482–, eta hirugarren igoeran 17 segundo jaitsi zuen denbora –03:13:146–. Beitiaren azken bi igoeretako denborak hartu zituzten kontuan, eta sei minutu, 33 segundo eta 628 ehuneneko denbora ezarri zuen CM+ modalitatean. Taldeko azkarrena izan zen Beitia, bigarren sailkatuak baino bi segundo gutxiago behar izan baitzituen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide