Naia Arrizabalaga Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finalean arituko da hilaren 28an

Dorleta Agiriano Lai 2021ko mai. 15a, 15:43
Naia Arrizabalaga.

Atzo izan zen sariketako azken kanporaketa, eta beraz, erabakita geratu da finaleko seikotea. Tartean da Naia Arrizabalaga azkoitiarra, hirugarren kanporaketa irabazi baitzuen joan zen maiatzaren 7an, Azpeitian.

Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, erabakita dago jada Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finalerako seikotea. Hain zuzen, Naia Arrizabalaga azkoitiarra, Joar Garate zumaiarra, Nerea Isusi zarauztarra, Amets Aizpurua getariarra, Ekain Tolaretxipi eta Jon Mendiluze ariko dira txapela eskuratzeko azken lehian.

Arrizabalagak joan zen maiatzaren 7an lortu zuen finalera sailkatzea, aurreneko postuan geratu baitzen Azpeitiko Soreasu antzokian egin zen hirugarren kanporaketan. Saioarekin "gustura" agertu zen azkoitiarra, eta finalerako "gogotsu" zegoela ere aitortu zuen.

Atzo, ostirala, jokatu zuten txapelketako laugarren eta azken kanporaketa Arrasaten (Gipuzkoa), eta saioa irabazita, orduan eskuratu zuen finalerako azkeneko txartela Amets Aizpuruak. Maiatzaren 28an izango da finala, 19:00etan, Urnietako (Gipuzkoa) Saroben. Bertaratzeko asmoa dutenek gonbidapen txartela hartu beharko dute bertsozale.eus atarian, ondoko lotura honetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide