Elkarrizketa

Intza Sudupe: "Garrantzitsua da gose fisiologikoa eta emozionala bereizten jakitea"

Nerea Uranga 2021ko mai. 15a, 10:55
Intza Sudupe nutrizionista.

Asteartean, maiatzaren 18an, ‘Elikadura, COVID-19a eta emozioak' hitzaldia emango du Intza Sudupe nutrizionista azkoitiarrak, 19:00etan, Elkargunean. Azkoitia Lagunkoiak udalarekin elkarlanean antolatu du saioa. Sudupek elikadura osasuntsuak buruko osasunean eta fisikoan duen garrantziaz jardungo du solasaldian.

Elikaduraz, COVID-19 gaitzaz eta emozioez jardungo duzu asteartean Elkargunean eskainiko duzun hitzaldian. Izurriaren garai honetan pil-pilean dauden hiru kontu uztartuko dituzu, beraz.

COVID-19 gaitzak eragindako pandemia honetan elikadurak daukan eraginaz eta garrantziaz arituko naiz astearteko solasaldian. Esaterako, ikerketa desberdinetan ikusi da, behin COVID-19arekin gaixotutatukoan, eta gaitz horren eboluzioan, obesitateak ondorio negatiboak dituela. Beraz, gaitz honi dagokionez ere, bizi ohitura osasuntsuak izatea garrantzitsua da; besteak beste, elikadura osasuntsua izan eta indartu egin behar da. Beraz, hitzaldian elikadura orekatua eta osasuntsua izateak zer nolako garrantzia duen azalduko dut. Horri lotuta, gaixotasunaren aurrean, gorputzaren sistema immunitarioa indartzeko behar ditugun elikagaiez eta dietez ere arituko naiz. Eta emozioak ere landuko ditut, elikatzeko moduan eragiten dutelako eta bizi dugun egoera sozial honetan alde horretatik gorabehera gehiago ikusten direlako.

Beraz, egungo egoerak eragin du jendearen elikatzeko moduetan? Lotuta daude elikadura eta emozioak.

Bai, izugarrizko lotura dauka elikadurak emozioekin. Pertsona bat emozionalki nola dagoen asko antzematen da haren elikaduran. Bizi dugun garai honetan alteratuta gabiltza erabat, eta emozio horiek eragina daukate bakoitzaren elikaduran edota elikatzeko moduan. Elikatze-afekzioak gero eta gehiago antzematen dira jendearen artean, antsietatea edota elikadura ihesbide gisa hartzea, adibidez.

Emozioekin lotuta elikaduran alterazioak dituen gero eta pertsona gehiago artatzen ari  al zarete?

Beno, emozioen alterazio eta antsietate kasuak psikologia kontsultetan artatzen dira, baina elikadura aldetik nahasmendu hori gertatzen ari dela ere antzematen ari gara gure kontsultetan. Alegia, emozioei eta batik bat antsietateari lotutako elikatze-afekzioak gero eta gehiago artatzen ditugu. Horretaz ere hitz egingo dut astearteko saioan, azalduz nolako garrantzia daukan elikadurak emozioetan, eta azkenean, elikadura nola ibiltzen dugun errefortzu positibo edota negatibo gisa.

Elikatze-afekzio horiei nola egin behar zaie aurre?

Egoera kudeatzen jakiteko, kontziente izatea da indartu behar dena: jakin behar dena da goseagatik jaten den edota jan jateagatik egiten den. Bereizten jakin behar dira gose fisiologikoa eta emozionala. Denoi gauza berdinek ez digute funtzionatzen, baina bakoitzak zergatik jaten dudaenaren kontzientzia edukitzea garrantzitsua da; hau da zer den gosea eta zer gula. Beraz, hitzaldian elikadura emozionalaz eta elikadura kontzienteaz ere hitz egingo dut, eta jateko antsietate hori saihesteko egin daitezkeen ariketa batzuk ere proposatuko ditut; arnasketak, adibidez.

Sistema immunitarioa indartzeko dietak edota elikadurak zer nolako garrantzia du?

Gure sistema immunitarioan nutriente edota elikagai batzuk oso garrantzitsuak dira. Beraz, gaixotasun baten aurrean, sistema immunitarioa indartzea oso garrantzitsua da, eta gaixotasuna kontuan hartuta, nutriente zehatz batzuei garrantzia eman behar diegu. Astearteko hitzaldian nutriente horiek zein diren eta zer garrantzia duten azalduko dut. Esaterako, zinkaren garrantzia azalduko dut, eta hori zein elikagaik duten.

Izurriaren garaian, batzuek kirola egiteko joera hartu dute, ohitura osasuntsuei heldu diete. Elikadura aldetik janari osasuntsuagoak jateko eta sukaldean gehiago aritzeko joera gehiago ez al du hartu jendeak?

Batzuek kirola egiteko eta dieta osasuntsu bat jarraitzeko ohitura hartu dute. Beste batzuek, ordea, ez hainbeste edota, igoal, kontrakoa egiteko joera izan dute; etxean sartuta egotekoa, jateko gogo gutxiago izatekoa... Itxialdiaren garaian, jendeak jardun zuen sukaldean, baina bizkotxoak eta horrelako gauza asko kozinatu zituen. Azkenean, batzuek egoera ahalik eta ondoen kudeatzen jakin dute, baina beste batzuei emozionalki oso gogorra egiten ari zaie. Elikadura patroia kontuan hartuta, uste dut izurriak eragindako egoera sozial honek eragin negatiboa izan duela, batik bat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide