Jon Plazaola: "Antzezlanak planteatzen du nola arrakasta lortzearren edozein prezio pagatzeko prest gauden"

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 14a, 17:00

Bihar Azkoitian izango da Jon Plazaola (Urretxu, 1982) aktorea, Irabazi lana taularatzen. Emanaldia Baztartxo antzokian izango da, 19:00etan hasita, eta oraindik sarrerak eskuratu daitezke Entradiumen webgunean. Antzezlanaren inguruan Maxixatzenekin hitz egiteko tartetxoa hartu du gaur. 

Bihar Baztartxon izango zara, aurtengo ikasturtean hirugarrengo aldiz. Zer moduz hartzen zaituzte azkoitiarrek?

Oso ondo, horren denbora gutxian horrenbeste aldiz etortzea seinale ona da. Antzoki ederra da Azkoitikoa eta gustura joaten gara. Gainera, bizitzen ari garen garaiotan, errepikatzeak, aretoak ahal diren neurrian beteta ikusteak eta jendearen babesa sentitzeak asko esan nahi dute. Biran gabiltza, batera eta bestera, eta tokian-tokian errealitate desberdinak bizitzea tokatzen ari zaigu. Espainian egokitu zaigu programatutako emanaldiak bertan behera gelditzea; Euskal Herrian, aldiz, dena zutik mantendu da. Hori asko eskertzekoa da bai antolatzaileei eta bai jendeari, bereziki jendeari, oso ondo ari delako erantzuten.

Bakarrizketak egiten hasi zinen eta oraindik ere jarraitzen duzu. Bihar ere bakar-bakarrik igoko zara Baztartxoko oholtzara. Hala ere, Irabazi ez da ohiko bakarrizketa bat, ezta?

Ez da ez ohiko bakarrizketa, eta hori dauka desberdina. Orain arte egin izan ditudan bakarrizketak beti izan dira stand-up comedy britainiarraren estilokoak, El club de la comedia-ko bakarrizketen modukoak. Irabazi-k, ordea, antzezlanetik gehiago dauka bakarrizketatik baino. Bakarrizketa da oholtza gainean ni bakarrik nagoelako eta nik bakarrik hitz egiten dudalako, baina beste kontakizun bat, transmititzeko era bat eta tempo bat ditu. Barre egiteko momentu dezente daude, batez ere lehenengo hiru ordu laurdenetan, baina, hortik aurrea, Felix pertsonaiak gai deserosoagoak jartzen ditu mahai gainean, pentsaraztera bultzatzen duten horietakoak. Momentu horietan nabarmena izaten da publikoaren jarrera aldaketa, nola jendea ixilik eta adi jartzen den, eta hori sentitzea ere polita da.

Umoretik eta aldarrikapenetik dezente izan ohi dute zure saioek. Irabazi-k ere bi osagaiak uztartzen al ditu?

Umoretik badu, hausnarketara bultzatzen du, eta aldarrikapenetik ere dezente du. Esango nuke Barre Librea-n lantzen ari garen korronte berekoa dela antzezlana. Umorea egiten dugu, baina ez umore zuria. Gizartean pil-pilean dauden gaiak jorratzen ditugu, gai pisutsuak, umorez, baina iritzi bat emanez ere bai, editorial bat eginez. Irabazi-k planteatzen du zergatik askotan arrakasta bilatzen dugun trebetasuna bilatu beharrean; nola arrakasta hori lortzearren edozein prezio pagatzeko prest gauden, ondokoa zapalduta eta modu txarretara izanda ere. Azkenean, nola gizarteak garamatzan etengabeko lehiaketa absurdo batera, eta nola sarritan prestutasun handiagoa izaten dugu ondokoa zapaltzeko, hari laguntzeko baino. 

Bai Losers-en eta bai Irabazi-n galtzailearen lekutik kontatzen duzu istorioa. Irabazlearena baino interesgarriagoa iruditzen al zaizu?

Galtzaile baten nortasunak eta pertsonajeak askoz mami gehiago dauka irabazle batenak baino. Irabazlea gailurrera iritsi da, irabazi du, kito. Galtzaileak, berriz, beti bilatu behar du zeozer, beti dago borrokan, hausnartzen, pentsatzen, bere buruarekin ere liskarrean askotan… Begira koioteari eta korrekaminosari. Korrekaminosa ziztuan joaten zen eta ez zeukan beste ezer egin beharrik. Baina, nik uste, gehienok askoz identifikatuago sentitu izan garela koiotearekin, korrekaminosa harrapatu nahi eta ezinean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide