TicketBAI sistemaren inguruko saioa antolatu du Iraurgi Berritzenek hilaren 20rako

Anartz Izagirre 2021ko mai. 15a, 08:45

Sistemak TicketBAI sistemara nola egokitu azalduko dute, besteak beste, online egingo den saioan. Enpresek irekita dute saioan izena emateko aukera.

Urola Erdiko enpresek TicketBAI sistemaren inguruan gehiago jakiteko aukera izango dute maiatzaren 20an, osteguna. Izan ere, Iraurgi Berritzen garapen agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasuna eta Finantza arloarekin lankidetzan, sistema horren inguruko online saioa egingo du egun horretan, 15:00etan hasita. Bertan, sistemak TicketBAIra nola egokitu jakiteko eta ezarpen-betekizunen oinarrizko ildoak ezagutzeko aukera izango dute enpresek. Saioan Maria del Coro Pereiro Estrategia Teknologikoko zuzendari orde nagusiak eta Luis Javier Irastorza Zerga Transformazio Teknologikoko Zerbitzuko buruak parte hartuko dute, eta horiek TicketBAI zer den, nori eragiten dion, nola funtzionatzen duen eta sistemaren inguruko beste hainbat xehetasun azalduko dituzte.

Saioan parte hartzeko interesa duten enpresek jvalverde@iraurgiberritzen.eus helbide elektronikora idatzita eman beharko dute izena, eta parte-hartzaile horiei online saiorako lotura bidaliko zaie.

TicketBAI Foru Ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean sorturiko sistema da, eta helburua lege zein teknika arloko betebehar batzuk ezartzea da. TicketBAI martxan jartzen denetik aurrera jarduera ekonomikoa duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek baldintza tekniko batzuk betetzen dituen fakturazio software bat erabili beharko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide