Azkoitiak gaur ekingo dio eskuzko herriartekoari

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 14a, 10:25
Eskuzko herriartekoan Azkoitia ordezkatuko duten pilotariak.

Final-zortzirenetako joaneko partida gaur arratsaldean jokatuko dute Oiartzunen kontra, kanpoan, 18:30ean hasita. Gomazko palistek, berriz, bihar hasiko dute lehia. Final-zortzirenetako joaneko partidan Errenterian aurka neurtuko dituzte indarrak, kanpoan, 16:30ean hasita.

Pandemiak behartutako urtebeteko etenaren ostean, bueltan da Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Pilota Txapelketa. Azkoitiak gaur arratsaldean jokatuko du lehendabiziko partida, final-zortzirenetako joanekoa. Oiartzun izango du aurkari eta haren etxean izango da neurketa, 18:30ean hasita.

Oteiza elkarteak hanahiru pilotarirekin osatu du Azkoitia ordezkatuko duen taldea. Kadete mailako Denis Galarza, Oier Aldazabal, Jon Etxaniz, Inhar Egaña eta Alex Juaristi, gazte mailako Mikel Aranbarri eta nagusien mailako Joseba Zendoia, Jon Juaristi, Jagoba Uranga, Jon Oteiza, Alex Juaristi, Aitor Oteiza eta Iñaki Azkoitia ariko dira herria ordezkatzen.

Talde "gaztea" dutela eta lehenengo partidatik hasita "gogor" borrokatu beharko dutela adierazi du Alex Juaristi Oteiza elkarteako kideak, Gipuzkoako Hitzan eskuzko herriartekoari buruz landu duten erreportajean. "Oiartzunen kontra jokatuko dugu, hasteko, eta, esan digutenaren arabera, talde indartsua dute. Gurea, berriz, nahiko talde gaztea da; beraz, daukagun guztia eman beharko dugu". 

Hamasei herri ariko dira nor baino nor gehiago, eta ohiko formatua izango du lehiaketak. Gaur hasi eta datozen sei asteburuetan jokatuko dituzte kanporaketak. Asteburu honetan eta hurrengoan final-zortzirenetako joaneko eta itzulerako partidak izango dituzte; maiatzaren 28tik 30erako eta ekainaren 4tik 6rako asteburuetan, final-laurdenetakoak; ekainaren 11tik 13rako eta 18tik 20rako asteburuetan, finalerdietakoak; eta bi onenek ekainaren 26an jokatuko dute final handia, Donostiako Atano III.a pilotalekuan, ziurrenik. Aurtengo txapelketak bi hutsune handi izango ditu, hala ere: bata, eskuzko herriarteko txapelketaren historian lehenbiziko aldiz, Donostiak ez duela ordezkaritzarik izango; bestea, ikuslerik ez dela izango partidetan.

Azkoitia, txapelketaren aldi guztietan parte hartu duen herri bakarra ez ezik, orain arte herriarteko txapelketa gehien bereganatu duena ere bada: hamasei alditan jantzi du txapela, eta beste seitan gelditu da txapeldunorde. 2006az geroztik, ordea, ez du irabazterik lortu. Horri buelta eman nahiko lioketela esan du Juaristik.

Gomazko palistak bihar hasiko dira

Gomazko palistek, berriz, bihar jokatuko dute txapelketako lehen partida, final-zortzirenetako joanekoa. Errenteria izango dute arerio eta haren etxean jokatuko dute, 16:30ean hasita. Azken edizioko balentria errepikatzea da azkoitiarren helburua, 2019. urtean Azkoitiak jantzi baitzuen gomazko paletako herriarteko txapela. Horretarako lanean ariko diren palistak honakoak dira: Igor Juaristi, Iker Epelde, Marcos Azpiroz, Jokin Aizpuru, Igor Larrañaga, Aratz Zabaleta eta Amaia Aizpuru.

Ohi bezala, aurten ere gomazko paletako modalitatean hiru partida jokatuko dituzte 20 tantora. Lehen partidan, buruz buru jokatuko dute bi herrietako palista banak; bigarrenean neurketan binaka arituko dira; eta hirugarren partidan, zazpi koadroren barruan jokatuko dute palistek buruz buru.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide