Plaza Ondo jubilatuen elkarteko batzorde eraberritua, martxa hartuta

Nerea Uranga 2021ko mai. 13a, 16:01
Plaza Ondo jubilatuen elkarteko zuzendaritza batzordearen bilera, gaur. (Nerea Uranga)

Martxoan berritu zuten Plaza Ondo jubilatuen elkarteko batzordea. Zazpi lagunek osatzen dute egun, eta egun indarrean dauden neurriek uzten duten arabera, hainbat ekintza martxan dituzte, beste batzuk, ordea, ezin eginda daude: astelehenetako plazako bilkurak, bingoa, bidaiak edota biodantza tailerra. Elkartearen informazioa bazkideei helarazteko Whatsapp taldea sortu dute.

Plaza Ondo jubilatuen elkarteak gaur egun 1.200 bazkide inguru ditu. Martxoaren 7an elkartearen zuzendaritza batzordea berritu zuten; hiru kide berri sartu ziren eta aurretik zeuden beste lauk batzordekide izaten jarraitu dute. Hala azaldu dute batzordeko kideek: “Pandemiak eragindako egoera ikusita, zalantzan egon ginen elkarteko batzar orokorra egin ala ez. Batzordea berritu beharra zegoen, ordea, eta batzarra egitea erabaki genuen. Toki zabalagoan biltzeko Elkargunean egin genuen batzar hura eta nahiko jende joan zen, 40 pertsona inguru”.

Gaur egun Plaza Ondo jubilatuen elkarteko zuzendaritza batzordea osatzen dutenak honakoak dira: Pilar Zarraga (lehendakaria), Markos Agirre (diruzaina) eta Tomas Agirre (batzordekidea) batzordekide berriak dira, eta lehendik jarraitzen dutenak Maria Pilar Arrizabalaga (aktibitateen edota ekintzen arduraduna), Lurdes Sudupe (idazkaria), Evaristo Fernandez (bidaien eta bazkideen kudeaketaren arduraduna) eta Jesus Maria Alberdi (aisialdiko ekintzen arduraduna).

Ekintzak eta zerbitzuak

Konfinamenduaren ondoren, hainbat tailer eta zerbitzu martxan jarri zituen Plaza Ondo elkarteak, hala nola eskulanetako eta kontrol mentaleko tailerrak nahiz podologoaren eta ileapaindegi zerbitzuak; gaur egun ere horiekin jarraitzen dute. Bingoan jokatzeko saioak, berriz, urrian hasi zituzten, baina, Azkoitian COVID-19 kasu positiboen intzidentzia tasa 400etik igo zenean, bingoko saioak eten egin zituzten. "Egun jendea eskatzen ari zaigu bingoa antolatzeko, baina herriko egoerak hobera egin bitartean ez ditugu antolatuko", azaldu dute argi batzordekideek.

Biodantza tailerra ere ez dute antolatu azken urtebetean, ezta astelehenetan herriko plazan egiten zituzten bilkurak ere. "Biodantzako saioek harrera oso ona zuten eta gustura ibiltzen zen jendea, baina kontaktu askokoa denez, ez egitea erabaki genuen".

Plaza Ondo jubilatuen elkarteak antolatzen dituen bidaiek ere estimazio handia izaten dutela nabarmendu dute batzordekideek. “Jende askok parte hartzen zuen bidaietan. Irailero astebeteko bidaia bat antolatzen zuen elkarteak; iaz, esaterako, Galiziara joatekoak ginen, baina bertan behera utzi genuen. Txertaketak aurrera egin ahala eta egoerak hobera egiten badu, ea urtearen bukaerarako irteeraren bat antolatzeko aukera dugun, egun batekoa bada ere".

Ekintza batzuk antolatu ezinik egon arren, geldirik ez dago Plaza Ondo jubilatuen elkarteko batzordea. "Ttipi Ttapa egitasmoan parte hartzen dugu, baita Azkoitia Lagunkoian ere", adierazi dute.

Bazkideak informatzeko, Whatsapp taldea

Plaza Ondo jubilatuen elkarteak bazkideei zuzendutako zerbitzu berri bat ere jarri du martxan. Bazkideei informazioa zabaltzeko asmoarekin, Whatsapp talde bat sortu du. Talde horretan administrariak bakarrik izango du idazteko aukera. Elkarteari buruzko informazioa jasotzeko bide hori erabili nahi dutenek telefono mugikorraren zenbakia eman beharko dute elkartean. Horretarako, Plaza Ondo elkartearen bulegora joan beharko dute, astearteetan, 10:00etatik 12:00etara artean. "Elkarteko bazkide askok etxeko telefono zenbakia emanda dute, beraz, Whatsappeko taldean sartzeko, telefono mugikorraren zenbakia jakinaraztera etorri beharko dute bulegora", azaldu du batzordeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide