Aniztasun funtzionala duten umeentzat udalekuak antolatu dituzte Aldundiak eta Kirol Egokituen Federazioak

Andoni Elduaien 2021ko mai. 14a, 08:15

Azkoitian, autismoa, adimen urritasuna edo buru nahastea duten neskentzat antolatuko dute eskaintza udan. Azpeitian eta Zarautzen ere egingo dituzte udalekuak aurten. Izen ematea zabalik dago maiatzaren 27ra bitartean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kirol Egokituen Federazioarekin batera, aniztasun funtzionala duten umeentzat udalekuak antolatuko ditu Gipuzkoako herri ezberdinetan. Besteak beste, Azkoitian osatuko dute talde bat aurtengo udara begira. Arduradunek azaldu dutenaren arabera, "nesken aniztasuna" eta "haien ezaugarriak" kontuan hartuta, "mugikortasun gaitasunaren arabera" antolatuko dituzte taldeak.

Azkoitian, autismoa, adimen urritasuna edo buru nahastea duten neskentzat antolatuko dute eskaintza; Azpeitian, mugikortasun murriztua eta ezgaitasun fisikoak dituzten haurrentzat. Udalekuak astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era izango lirateke, eta horietan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, eta izen-ematea maiatzaren 27a baino lehen egin beharko da.

Programa honen bitartez Gorputz Hezkuntzaren eta hezkuntza kirolaren arloarekin zerikusia duten "jarreren eta prozeduren ikasketa indartzea", eta populazio horri "aisialdi gune atsegin, seguru, dibertitu eta osasungarri bat" eskaintzea lortu nahi dute. "Aurten, udalekuetan eta gazte oporraldietan behar bereziak dituzten haurrentzat eskaintzen ditugun plazez gain, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarekin lankidetzan aritu gara, udaleku irekiak egiteko, ezgaitasuna duten haurrei udan aisialdiko jarduerak egiteko aukera emateko", azaldu zuen Harkaitz Millan Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol Saileko diputatuak.

Blanca Aranguren Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioko lehendakariak Gazteria Departamenduak egiten duen "apustua" azpimarratu du. Udan ezgaitasuna duten haur eta gazteek "gainerako pertsonek bezala" kirol jarduerak eta denbora librea izateko aukera izango dutela adierazi du. "Oso urrats garrantzitsua da; izan ere, apustu horri esker, Gipuzkoako hainbat udalerritan eskaini ahal izango dugu zerbitzua, eta jende gehiagorengana iritsi. Haur eta gazteen oinarrizko eskubideari erantzuten dioten aukerak sortzen ari gara".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide