ELAk eta LABek grebara deitu dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileak

Maialen Etxaniz 2021ko mai. 13a, 15:00

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen "lan baldintzak duintzeko nahiz zerbitzuak hobetzeko" eta auziaren aurrean Gipuzkoako Foru Aldundiak erakutsitako "inmobilismoa salatzeko" grebara joko dute ELAk eta LABek maiatzaren 20an adinekoen egoitzetan. ELAk ekainaren 14rako deialdia ere egin du. Sindikatuek azpimarratu dute egoitzetako langileak grebarekin jarraitzeko prest daudela. 

LAB eta ELA sindikatuek maiatzaren 20rako greba deialdia egin dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetan. "Lan baldintzak duintzeko nahiz zerbitzuak hobetzeko" eta Gipuzkoako Foru Aldundiak auziaren aurrean erakutsitako "inmobilismoa salatzeko" joko dute grebara bi sindikatuek.

"COVID-19ak sortutako osasun krisi honek modu bortitzean jo du helduen egoitzetako langile eta egoiliarren kontra, baina ulergaitza eta bidegabea izan arren, egoitzetako egoerak berdin jarraitzen du langileentzat: 2012. urtetik herrialdeko hitzarmenik gabe eta nahikoak ez diren ratioekin", salatu du LABek. Hori dela eta, egoeraren jopuntuan jarri dute Gipuzkoako Foru Aldundia:  "Gaur egun, trantsizioko gizarte politikak epe luzean landuko dituen Agenda 30 programa lantzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia, baina ez du hitz egin nahi momentu honetan pairatzen ari garen arazo larriei buruz. Zer gehiago gertatu behar da helduen egoitzetako sisteman aldaketak egoteko? Noiz hasiko da Gipuzkoako Foru Aldundia bere ardura onartzen eta behar diren pausuak ematen egoera aldatu dadin? Gipuzkoar guztion diruarekin aberasten ari diren sektoreko patronalak eta enpresak noiz hasiko dira herrialdeko hitzarmenari dagokion garrantzia ematen?". 

LABek gogoratu du helduen egoitzetako langileek "urte gehiegi" daramatela beraien eskubideen defentsan borrokan, "nahiz eta euren greba eskubidea %100eko zerbitzu minimoekin behin eta berriro urratua izan den". Hala ere, egoeraren aurrean "borrokari tinko" helduko diotela nabarmendu du sindikatuak: "Langileez gain jendartea aktibatzeko garaia da, eta horregatik dei egiten dizuegu egingo diren mobilizazioetan parte hartzera. Helduen egoitzetako sistema publikoa, doakoa, unibertsala eta pertsonak erdigunean jarriko dituena izateko garaia da eta hori lortzeko Gipuzkoako gizarte guztiaren parte hartzea ezinbestekoa da".

ELAk, bere aldetik, 24 orduko bi greba egun deitu ditu Gipuzkoako egoitzetan, aurrenekoa maiatzaren 20rako eta bigarrena ekainaren 14rako. Adinekoen egoitzetako auziaren aurrean, aldundiak "beste alde batera" begiratzen duela salatu du sindikatuak: "Ez da gai langileekin biltzeko, nahiz eta horretarako eskaera ugari egin". Hori dela eta, "gatazka larriagotzen" ari dela nabarmendu du ELAk. "Azken bi urteetan aldundiari biltzeko eskaera ugari egin ondoren, langileek oraindik ez dute erantzunik jaso. Ulertezina da demokrazia batean erakundeetako ordezkariek biltzeko eskubidea ukatzea gatazkan dauden langileei", adierazi du sindikatuak.

Era berean, egoitzetako langileenganako utzikeria gaitzetsi du ELAk, eta erresidentzien ereduak "huts" egin duela adierazi du: "Pandemian gure bizitzak arriskatu genituen, eta jasotako ordaina umiliatzea, alde batera uztea eta lanaren balioa galtzea izan da. Badakite erresidentzien ereduak huts egin duela, eta hura aurrera ateratzeko gure menpe daudela, langileon menpe. Horregatik esplotatuak eta menderatuak behar gaituzte, erresidentzien eredu horrek iraunarazi ahal izateko". ELAren arabera, maiatzaren 20ko eta ekainaren 14ko greba egunekin, guztira 250 egunez egin dute greba Gipuzkoako egoitzeko langileek, eta helburuak berdina izaten jarraitzen duela nabarmendu du sindikatuak: "Sektore honetan bizitza zaintzen diharduten langileen lana duintzea eta baloratzea eta gure adinekoei kalitatezko zerbitzua ematea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide