Nahi duten saltoki guztiek banatu ahal izango dituzte poltsa konpostagarriak

Julene Frantzesena 2021ko mai. 13a, 14:19
Poltsa konpostagarrien biribilkia.

Herritarrek nahiz hondakin sortzaile handiek erraztasun gehiago izan ditzaten hartu du erabakia mankomunitateak. Deialdia dagoeneko zabalik dago, eta saltokietako ordezkariek modu telematikoan eman beharko dute izena. Maiatzaren 24a izango da horretarako azken eguna.

Urola Erdiko Mankomunitateak aldaketa gauzatuko du poltsa konpostagarrien banaketan. Orain arte Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako saltoki jakin batzuek banatu izan dituzte horiek, baina aurrerantzean nahi duten guztiek egin ahal izango dute banaketa. Eskaintza "zabalagoa" eskaintzeko eta herritarrek nahiz hondakin sortzaile handiek erraztasun gehiago izan ditzaten hartu du erabakia mankomunitateak. Dena den, banaketa egin nahi duten saltokiek baldintza batzuk bete beharko dituzte.

Deialdia dagoeneko zabalik dago, eta saltokietako ordezkariek modu telematikoan eman beharko dute izena, honako lotura honetan. Horretarako, ziurtagiri digitala (Izenpe edo BakQ identifikazio-baliabidea) izan beharko dute merkatariek –BakQ udaletxeetan edo KZ guneetan eskura daiteke–. Mankomunitateak izapideak online egiteko laguntza eskainiko du, eta merkatariek hitzordua eska dezakete dagoeneko 943-85 73 19 telefono zenbakira deituta. Maiatzaren 24a izango da eskaerak egiteko azken eguna, eta 14:00etan itxiko dute horretarako aukera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide