Emaitza aipagarririk lortu ez duten arren, Orioneko kideak "gustura" itzuli dira Extremaduratik

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 13a, 12:46
Aimar Ansola.

Aimar Ansola eta Joanes Davila azkoitiarrek salmonidoen euli-arrantza modalitateko Espainiako Erkidegoen Arteko Arrantza Txapelketan parte hartu zuten asteburuan. Euskadiko selekzioaren ordezkari bakar gisa joan ziren Caceresko Gargantas de la Veran (Extremadura, Espainia) jokatu zuten txapelketara.  

Salmonidoen euli-arrantza modalitateko Espainiako Erkidegoen Arteko Arrantza Txapelketa jokatu zuten joan den asteburuan Caceresko Gargantas de la Veran (Extremadura, Espainia), eta han parte hartu zuten Azkoitiko Orion elkarteko Aimar Ansolak (Azkoitia, 2006) eta Joanes Davilak (azkoitia, 2003). Hain zuzen ere, Euskadiko selekzioaren ordezkari bakar gisa joan ziren bi azkoitirrak. Ansolak hamabosgarren bukatu zuen txapelketa; Davilak, berriz, 22. lekuan. Emaitzei dagokionean lorpen adierazgarririk erdietsi ez zuten arren, egindakoarekin eta bizitakoaren "gustura" itzuli dira biak ala biak, eta baita datorren urtean lehian jarraitzeko gogoz ere.

Ansolak, 14 urterekin, tamaina horretako txapelketa batean parte hartzen zuen lehen aldia zuen, eta Euskadiko selekzioaren gonbidapena "gustu handiz" hartu zuela aitortu du. Apirilean Leitzaran ibaian jokatu zuten jubenilen mailako Euskadiko txapelketa irabazi ostean sortu zitzaion Extremadurara joateko aukera, eta "dudarik egin gabe" onartu zuela esan du. Parte hartzaileetan gazteenetakoa izateak eta esperientzia faltak, ordea, urduritasuna eragin zioten; "oso-oso urduri joan nintzen, gehiegi gauza onerako". Eta gauzak ez zitzaizkion nahi bezela atera. "Pentsatzen nuen amuarrain gehiago harrapatuko nituela eta hobeto joango zitzaidala". Dena dela, esperientzia "oso ona" izan dela ziurtatu du: "Gogorra izan da, baina oso ona. Asko ikasteko balio izan dit eta baita lagunak egiteko ere".

Davila patxada handiagoarekin joan zen txapelketara, aurretik ere hainbatetan parte hartutakoa baita. Emaitzarekin "horren gustura ez" geratu arren, "asko disfrutatu" zuela esan du. "Oso leku ederra zen arrantzarako, pena ez zegoela amuarrain asko. Egun batzuk izaten dira, eta horralekoxea tokatu zitzaigun. Orain dela bost urte leku berean egin zuten txapelketa, eta orduan askoz gehiago harrapatu zituzten".

Aurtengo Espainiako txapelketa bukatuta, hurrengo urtekoari begira jarriak daude biak, dagoeneko sailkatuta baitauta. Hala ere, maila desberdinetan lehiatuko dira biak: Ansola jubenil mailakoan, eta Davila helduen mailakoan. Bakarrik joan beharko duela, horixe du Ansolak kezka; Davilak, ostera, kontrarioen maila nabarmendu du. "Aurten zaharranetakoa izatetik, datorren urtean gazteenetakoa izatera pasatuko naiz, 18 urtetik 50era artekoen mailan lehiatu beharko baitut. Esperientzia handiko jendea izango dut parez pare eta horrek errespetua ematen du". Dena dela, gogotsu daude biak, eta ahalik eta ondoen prestatzen saiatuko direla adierazi dute.

Joanes Davila. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide