Ezkurdiak eta Peñak Buruz Buruko Pilota Txapelketako kanporaketa jokatuko dute ostiralean, Gurean

Andoni Elduaien 2021ko mai. 12a, 15:03
Joseba Ezkurdia (Argazia: Aspe)

Buruz Buruko Pilota Txapelketako kanporaketa eta binakako partida bat jokatuko dituzte ostiralean Gurea pilotalekuan. 

2021. urteko Eskuzko Pilota Enpresen Ligako (EPEL) Buruz Buruko Pilota Txapelketako final zortzirenak Azkoitian hasiko dira. Ostiralean, 22:00etan, Joseba Ezkurdia eta Jon Ander Peña pilotariek Azkoitiko Gurea pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak. Gaur, asteazkena, Donostiako Kursaalen aurkaztu dute txapelketa, eta han jakinarazi dute Azkoitian hasiko dela lehen mailako pilota txapelketa. Azkoitiko irabazleak hilaren 23an Jokin Altunaren aurka jokatu beharko du Donostiako Atano III.a pilotalekuan.

Ezkurdiak eta Peñak Gurean jokatuko duten partida, ordea, ez da jaialdiko bakarra izango; izan ere, buruz buruko partidaren ondoren Olaizola II-ak eta Salaverrik Elezkano eta Tolosaren aurka jokatuko dute binakako partida. Aspe eta Baiko pilota enpresek jakinarazi dutenaren arabera, gaur, asteazkena, Gurea pilotalekuan egin dute 13:00etan ostiraleko partidarako pilota aukeraketa.

Pilota partidak ikustera ezingo da ikuslerik joan Gurea pilotalekura Eusko Jaurlaritzak ezarrita dituen neurri murriztaileengatik. Hala eta guztiz ere, ETB1ek zuzen-zuzenean eskainiko ditu Azkoitiko bi partidak ostiralean, 22:00etatik aurrera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide