Eskola kirol egokituaren eskaintzaren egitasmoa aurkeztu diete eskoletakoei

Nerea Uranga 2021ko mai. 12a, 11:29

Azkoitiko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko arduradunak herriko eskoletako ordezkariekin bildu dira gaur, eskola kirol egokitua eskaintzeko proiektua aurkezteko. Datorren ikasturterako gutxieneko eskaintza bat osatzea dute helburu. Maiatzaren 19rako familiekin topaketa antolatu dute, ikasleen premiak ezagutzeko.

Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko, Azkoitia BHIko eta Bizilore Eskola Aktiboko ordezkariekin bildu dira gaur goizean Azkoitiko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko arduradunak. Eskola kirol egokitua eskaintzeko proiektua aurkeztea eta 2021-2022 ikasturterako eskola kirol egokituaren gutxieneko eskaintza osatzeko lankidetza dinamikaren berri ematea izan dira gaur egin duten bileraren helburuak.

Eskola kirol egokitua eskaintzeko egitasmoa aurrera ateratzeko lantaldea sortuta dute Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Marea Urdinakek. Oinarri edo ideia bati helduta abiatu dute proiektua eragile horiek: "Kirola eskubidea da. Alabaina, orain arte, aniztasun funtzionala duten ikasleen jardura fisikoa eta kirol bizitza sustatzeko ez ziren behar diren baldintzak ematen. Helburua egoera horri buelta ematea da".

Maiatzaren 19an, familiekin bilerak

Egitasmoak aurrera egin dezan pausoak emateko, eta ahalik eta eskaintza egokiena osatzeko, ikasleen beharrak ezagutzea ere ezinbestekotzat jo dute. Horregatik, familiekin topaketa bat egitea erabaki dute. Batzar hori maiatzaren 19an, asteazkenean, egingo dute 17:30etik 19:00etara, Intsausti jauregian.

Familiekin egingo duten topaketa horretan familien premiak entzungo eta jasoko dituzte, eta dinamika batzuk egingo dituzte ikasleen gaitasun eta trebeziak ezagutzeko. Bilera Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak dinamizatuko du.

Bileran parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa da, eta hori Kirol Egokituen Federazioaren bitartez egin behar da. Beraz, izena emateko, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara artean, 943- 46 25 14 telefono zenbakira deitu behar da edota info@gkef-fgda.org helbide elektronikora idatzi.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide