Joxan Goikoetxearen eta Euskamerataren kontzertua izango da igandean parrokian

Anartz Izagirre 2021ko mai. 12a, 10:10
Joxan Goikoetxea.

29. Udaberriko Musikaldiaren barruko hirugarren ekitaldia izango da igandekoa. Hainbat instrumenturen doinuak entzuteko aukera izango da, eta horrez gain, Iñaki Beraetxek errezitaldia eskainiko du kontzertuan zehar. Jose Mari Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena eta Xabier Leteren heriotzaren hamargarrena uztartuko dituzte.

Txistu eta piano doinuak izan ziren nagusi joan zen astean parrokian, eta oraingo honetan beste hainbat musikariren txanda izango da. Hain zuzen ere, Joxan Goikoetxeak eta Euskameratak kontzertua eskainiko dute igandean, hilak 16, 18:30ean hasita. Musikaz gain, Iñaki Beraetxek errezitaldia eskainiko du emanaldiak irauten duen bitartean. Zeharkako ibilbide bat proposatuz Jose Mari Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena eta Xabier Leteren heriotzaren hamargarrena uztartuko dituzte.

29. Udaberriko Musikaldiko gainontzeko kontzertuen moduan, honako hau ere doakoa eta sarrera librekoa izango da.

Igandeko kontzertuan parte hartuko duten musikariak dira: Joxan Goikoetxea (gidoia, zuzendaritza eta akordeoia), Amaia Azkue (ahotsa), Klara Mendizabal (ahotsa), Iosune Marín (gitarra klasikoa), Maider Zapirain ( biolontxeloa) eta Iñaki Beraetxe (errezitatzailea)

Maiatzaren azken bi asteetan, Vocalia taldearen eta Tetraphilia Ensembleren txanda izango da, hilaren 23an eta 30ean, hurrenez hurren. Bi emanaldi horiekin amaituko da Udaberriko Musikaldiaren aurtengo edizioa.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide