Intzidentzia tasa 800eko langatik jaistear da Azkoitian

Amaia Urbieta 2021ko mai. 11a, 13:25

Errezilen izan ezik, behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak eskualdeko herri guztietan. Azkoitian bezala, Hego Euskal Herrian ere hobera egin dute datu orokorrek.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri dituen datuen arabera, hiru kasu positibo hauteman zituzten atzo, astelehena, Azkoitian. Azken hiru egunetan gehienez ere hiru kasu zenbatu dituzte herrian, eta hobekutza nabaria da datuei dagokionez. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa edo intzidentzia tasak ere behera egiten jarraitzen du, eta gertu du 800eko langatik jaistea. Hain zuzen ere, 801,13koa da zenbatekoa egun Azkoitian.

Urola Kosta eskualdean, berriz, hamalau koronabirus kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Herenegun atzemandakoak baino lau gehiago dira, baina argi dago aurreko asteetako joera asko apaldu dela orokorrean. Oraindik ere intzidentzia tasa altua badauka ere, batez ere Zarauzko zifrak baretu dira. Atzo hiru kasu atzeman zituzten kostaldeko herrian, eta intzidentzia tasa 749,56tik 663,90ra jaitsi da. 

Gainontzeko kasuak Aizarnazabalen, Azpeitian, Errezilen, Getarian, Zestoan eta Zumaian atzeman dituzte. Azpeitian eta Zumaian bina eta Aizarnazabalen, Errezilen, Getarian eta Zestoan bana. Lehen bi herrietan jaitsi egin da intzidentzia tasa eta, hurrenez hurren, 361,37an eta 753,03an dago orain. Aizarnazabalen, Getarian eta Zestoan, berriz, 1040,31; 282,69; eta 487,93koak dira tasak (mantendu egin da Aizarnazabalen eta Zestoan eta behera egin du Getarian). Errezil izan zen atzekoan eskualdeko salbuespen bakarra: kasu positibo bat zenbatu zuten herrian, eta ondorioz, 1288,24tik 1449,28ra igo da intzidentzia tasa herri horretan.

Positibotasun tasa %4,3an

Atzo, denera, 12.373 proba diagnostiko egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 536k eman zuten positibo; alegia, %4,3koa da Hego Euskal Herriko positibotasun tasa. Atzemandako 536 positiboetatik 265 Bizkaian zenbatu zituzten, 165 Gipuzkoan, 75 Nafarroan eta 32 Araban. Lurralde horietatik kanpo, berriz, positibo bat atzeman zuten.

Kasu berrien datuak egunez egun baxuagoak badira ere, ez da abiadudura berean apaltzen ari ospitaleetako okupazioa. Atzo, 359 lagun zeuden ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan (herenegun baino 15 gutxiago), 70 ospitaleratze berri izan ziren (herenegungoen bikoitza baino gehiago) eta 158 pertsona daude ZIUetan (herenegun baino 11 gutxiago).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide