Egoera hobera egiten ari da astez aste Azkoitian

Anartz Izagirre 2021ko mai. 10a, 13:19

Positiboak apaltzera ari dira egiten herrian gutxinaka, eta bide beretik doa intzidentzia tasa ere. Asteburuan azken asteetako positibo kopuru baxuena zenbatu dute Azkoitian. Hego Euskal Herrian ere egoera hobera egiten ari da; atzo 416 kasu zenbatu zituzten, azken egunotako kopuru baxuena.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta joan zen asteburuarekin alderatuta, behera egin dute kasuek. Azkoitian hamahiru kasu baieztatu dituzte ostiraletik atzora bitartean egindako probetan –bederatzi ostiralean eta bina larunbatean eta atzo–. Dena den, joan zen asteburuarekin alderatuta behera egin du Azkoitiko intzidentzia tasak ere –993,07koa zen joan den astelehenean–, eta gaur-gaurkoz 851,21ekoa da. Nahiz eta Jaurlaritzak Azkoitia eremu gorriaren barruan sartuta duen, itxiera perimetalik ez da izango alarma egoera deuseztatuta dagoelako. 

Urola Kosta eskualdeko herrietan, berriz, 79 positibo berri hauteman dituzte azken hiru egunetan —joan zen asteburuan 95 izan ziren—, eta kasu horietatik gehienak Zarautzen izan dira; 31, hain zuzen ere —ostiralean 24, larunbatean bi eta atzo bost—.  Hala eta guztiz, Urola Kostako herririk handienean nabarmen egin du behera 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak, eta gaur-gaurkoz 749,56koa da —joan zen astelehenean 1.075,08ko tasa zuen—.

Bestalde, Orion ere 11 kasu zenbatu dituzte azken hiru egunetan —ostiralean sei, larunbatean hiru eta atzo bi—, baina herri hartan ere hobera egin du intzidentzia tasak, eta 570,78koa da uneotan. Zumaia da hurrengoa zerrendan, hamar kasu berri zenbatu baitituzte han —zazpi ostiralean eta hiru larunbatean—, eta han ere beheraka ari da intzidentzia tasa; 814,08koa da gaur-gaurkoz.

Horrez gain, Azpeitian zortzi kasu hauteman dituzte azken hiru egunetan —ostiralean sei, eta larunbatean zein atzo bana—, eta hainbat astez eremu gorrian egon ostean, eremu laranjara igaro da Azpeitia, 387,65ekoa baita intzidentzia tasa, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrietatik baxuena, alegia. Aian ere apurka-apurka jaisten ari da intzidentzia tasa; azken hiru egunetan kasu bana zenbatu dute egun bakoitzeko, eta 957,18koa da intzidentzia tasa.

Gainontzeko herriei erreparatuta, kasu bana zenbatu dute Aizarnazabalen, Errezilen eta Zestoan, baina alde handia dago herri horien intzidentzia tasan. Aizarnazabalen eta Errezilen milatik gorako tasa dute oraindik —1.040,31 eta 1.28824, hurrenez hurren—; Zestoan, aldiz, 487,93koa da tasa. Beizaman eta Getarian ez da kasu berririk izan asteburuan, eta Getariako intzidentzia tasa 353,36ra jaitsi da.

Hego Euskal Herrian, hobera

Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan ere kasu positiboen beheranzko joera ari da nagusitzen. Lau lurraldeetan, guztira, 8.348 PCR eta antigeno egin zituzten atzo, eta horietatik 416 izan ziren positiboak.  Lurraldez lurralde, Bizkaian zenbatu zituzten positibo gehien (175), eta ondoren, Gipuzkoan (149), Nafarroan (60) eta Araban (30). Positibotasun tasari dagokionez, %5,1 izan zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,6 Nafarroan.

Ospitaletako egoerak ere nabarmen egin du hobera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, guztira, 374 pertsona daude COVID-19 gaitzagatik, eta ZIUetan, 169. Nafarroaren kasuan, 143 dira ospitaleratuta dauden pertsonak, eta horietatik 28 daude ZIUetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide