Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasleek Azkoitian egin ahal izango dituzte azterketak

Anartz Izagirre 2021ko mai. 10a, 12:10
Hainbat ikasle Gaztaneneako eraikinean. (Azkoitiko Udala)

Etsaminak maiatzaren 14tik ekainaren 22ra bitartean izango dira, Gaztanenea formakuntza zentroan. Ingeleseko, frantseseko eta alemaneko egiaztatze probak egingo dira bertan.

Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikasleek Azkoitian egin ahal izango dituzte ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ezagutza maila egiaztatzeko azterketak. Gaztanenea formakuntza zentroko geletan izango dira probak, maiatzaren 14tik ekainaren 22ra bitartean. Azkoitiko Udaletik behin baino gehiagotan eskatu izan dute azterketak Azkoitian egiteko aukera, orain arte ikasleek Eibarko HEOra joan behar izaten baitzuten maila egiaztatzera —eskola horretako gela desplazatuak dira Azkoitikoak—. Aurten, Gaztanenean azterketak egin ahal izango diren bigarren urtea izango da.

2020-2021 ikasturte hasieran, guztira, 218 pertsona matrikulatu ziren Azkoitian. Ikasle horietatik gehienak ingelesean eman zuten izena (102 pertsonak); frantsesean, berriz, 72 ikaslek eman zuten izena, eta alemanean, 44k. Eskualde osoko herritarrek jasotzen dituzte klaseak Azkoitian, eta aurten, osasun krisia dela eta, aurrez aurreko klaseak ez ezik online saioak ere eman dituzte.

2017-2018 ikasturtean ireki zituzten Azkoitiko gela desplazatuak, eta ordutik, urtez urte gora egin du ikasle kopuruak zein eskaintzak. Duela bi urte Gaztanenea eraikineko lehenengo solairua egokitu zuten eskariari erantzuteko, ordura arte beheko solairua soilik baitzegoen erabilgarri.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide