Igandetik aurrera, tabernak eta jatetxeak 22:00ak arte zabalik

Aitziber Arzallus 2021ko mai. 7a, 19:41

Eguerdian EAEko Auzitegi Nagusiak esandakoa errespetatu du Eusko Jaurlaritzak, eta larunbat gauerditik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ez dute mugitzeko mugarik, etxeratze agindurik eta bilkurak lau lagunera mugatu beharrik izango.

Espainiako Gobernuak larunbat gauerdian indargabetuko du alarma egoera, eta ordutik aurrera Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek ez dute mugitzeko mugarik, etxeratze agindurik eta bilkurak lau lagunera mugatu beharrik izango. Hala jakinarazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Labi aholku batzordearen bileraren osteko agerraldian. Eusko Jaurlaritzak onartu egin du, beraz, EAEko Auzitegi Nagusiak eguerdian kaleratu duen ebazpena.

Horiez gain, larunbat gauerditik aurrera indarrean egongo diren beste zenbait aldaketa ere iragarri ditu lehendakariak; besteak beste, tabernek eta jatetxeek 22:00ak arte zabalik egoteko aukera izango dutela, eta kultur, gizarte eta merkataritza jarduerek ere ordu muga hori errespetatu beharko dutela. Jaurlaritzak bihar argitaratuko du igandetik aurrera indarrean egongo diren neurriak bilduko dituen dekretua. Han zehaztuko ditu aldaketa guztiak; besteren artean, musika eta ahots entseguak eta emanaldiak egiteko baldintzak; ezkontza, jaurnartze, bataio eta antzerako ospakizunak egitekoak; eta udako jarduerak prestatzeko neurriak, hala nola hondartzei, igerilekuei, kirol probei edo aisialdiko jarduerei eragiten dietenak.

Gainera, bertan behera geldituko dira 400dik gorako intzidentzia duten udalerrietan orain arte indarrean zeuden neurri murriztaileak. Ondorioz, tabernen eta jatetxeen barrualdeak zabalik egongo dira egun guztian, eta barruko taldeko kirol jarduerak eta eskola kiroleko jarduerak lau laguneko taldeetan egiteko muga ere bertan behera geldituko da. Gehienez seiko taldeetan gauzatu ahalko dira jarduera horiek. 

Honakoak dira larunbat gauerditik aurrera indarrean egongo diren neurri aipagarrienak: 

  • Etxeratze agindurik ez da egongo. Herritarrek gauez kalean ibiltzeko aukera izango dute.
  • Mugitzeko mugarik ez da egongo. Itxiera perimetralak bertan behera geldituko dira eta herritarrek nahieran mugitzeko eskubidea berreskuratuko dute. Bizi diren udalerritik, lurraldetik zein Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako mugetatik ateratzeko aukera izango dute.
  • Bilkura mugarik ez da egongo, ostalaritzan eta kirolean izan ezik.
  • Ostalaritza 22:00ak arte zabalik egongo da. 400dik gorako intzidentzia tasa duten udalerrietako tabernek eta jatetxeek ere barrualdea zabalik eduki ahal izango dute egun guztian. Lokalen barrualdeko edukiera erdira murriztuta egongo da eta ezingo da barran edo zutik kontsumitu. Mahaietan gehienez lau laguneko taldeetan eseri ahalko dira herriatarrak.
  • Kultura eta merkataritza jarduerek ere 22:00etako muga izango dute, baita joko aretoek ere.
  • Gazte lokalek, elkarte gastronomikoek eta gaueko aisialdiarekin lotutako lekuek itxita jarraitu beharko dute.
  • Kirola gehienez seiko taldeetan egin ahal izango da. Aire zabalean zein barrualdean hori izango da muga. Maskara nahitaez erabili beharko da, lehiaketetan eta kanpoan egiten diren jarduera fisiko biziko uneetan izan ezik. Kirol instalazioen aforoa %50ekoa izango da, %35ekoa aldageletan.
  • Kirol ekitaldiek ikuslerik gabe izaten jarraituko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide